Laguna etsai
Zelan aldatu den bizimodua, ezta? Denbora laburrean, gainera, 40 bat urte gure gazte denboratik. X belaunaldikook (≈1960-70) aldaketa analogikotik digitalera eman genuen urratsa, telebista zuri-beltzean ikustetik koloretan ikustera. Halaber, Interneten onurak aprobetxatzen hasi ginen lanerako.
Kanpoan jolasten ginen, soka dantzan, BH bizikletan, frontoian, txirri-txirri bila… edozer bilakatzen genuen jostailu eta ogia eta txokolatea askaldu eta aurrera, kalorietan pentsatu barik. Zikindu egiten ginen eta aspertu ere bai. Bezperan geratzen ginen hurrengo egunerako, eta elkar topatu egiten genuen. Hori bai, hitzordu bat izanez gero, puntuala izan behar zen, osterantzean ez genuen modurik berandu gentozela jakinarazteko: ez geneukan mugikorrik.
EGB egin genuen, eta irakasleak genituen, gaur «couch» dira. Nork ez du izan karpeta, gelako jende guztiaren eskaintzaz beteta? Edo posterrak logelan? Gutunak idazten genizkion gustuko genuenari, eta haren begirada xamur bat ehun like beste zen. Liburuak erosi, filmak bideodendan alokatu eta musika radiokasetean entzuten genuen. Gogoratzen dituzue kaseteak? Kar, kar, kar! A eta B aldea zuten atzera aurrera joateko, 45 minutura, eta boligrafoa zulotxoan sartuta buelta ematen genien.
Telebistako telesail baten hurrengo kapitulua ikusteko itxaron egin behar zen emititu arte. Bidaietako mapak erabiltzen ziren GPSa edo Google Maps existititzen ez zirenean; txarrena behar bezala tolestea zen. Argazkiak inprimatu egiten ziren. Eta ordu-aldaketa tokatzen zenean, eskuz egiten zen. Ez genuen Twitteatzen, ez e-postarik bidaltzen, ez genuen profilik Facebooken, ezta Whatsappik, ezta Instagramik ere. Horrelaxe bizi ginen. Sasoi bakoitzak berea. Ez hobeto, ez txarrago.
Gaur egungo nerabeak, Z belaunaldia, aro digitalean jaioak, pantailetara ohituta ez ezik, etengabe Internetera konektatuta ere badaude. Ez dute mundua ulertzen Instagram, YouTube, Tik Tok, WhatsApp, Snapchat… gabe. Bizitza birtualak errealak duen garrantzi bera edo handiagoa du.
Informazio guztia eskura dute eta eduki batek merezi ote duen zortzi segundotan bereiz dezakete. Aldi berean bost pantaila erabiltzeko gai dira. Gizarte-harremanak sareen bidezkoak dira; hiztegi berezia dute eta emotikonoak adierazpide gisa: Crush, Cringe, Stalkear, Shippear, Hashtag … eta habilidadea hatzamarretan? Geuretzat gura genuke. Tutorialak ikusita gainditzen dituzte erronka guztiak; jantziak, oinetakoak… tag (etiketak) bidez bilatzen dituzte; uneko argazki bat Instasnapera igo eta Story bat sortzen dute; likez adierazten dute gustukoa duten. Eta zenbat eta follower (jarraitzaile) gehiago izan, hobeto. Klik bat eta dena eskura dute. Horixe da euren bizimodua. Horixe da egungo gizartea.
Kontua da, mundu hori, arriskutsua egiten denean, gazteak direla talderik zaurgarriena: berehalako asebetetzera ohituta daude, estimulu etengabean bizi dira, agerian daude, dena dute sareetan. Guk orrazkera berezia eraman genezakeen edo kritika desegoki bat bota, eta kito! Orain hor dago, like baten zain, zoriontasunerako dopaminaren aiduru. Gatibu bizi dira. Horri egotzi lekioke, akaso, antsietate eta depresio kasuen igoera.
Beraz, laguna ez dezagun etsai bihurtu.