Korrontearen kontra
Azkenaldian nire baitan run-run bat dut. Etengabeko run-run bat. Unibertsitateko irakasle batek plazaratu zigun gaia, eta hortik, etxean zein kalean komentatu izan dut nire ingurukoekin, horietako bakoitzaren iritzi edo hausnarketen bila; nolabaiteko esperantza bat emango zidatenaren zain. Zein da euskarazko kazetaritzaren etorkizuna? Ala hobe, badu euskarazko kazetaritzak etorkizunik?
Askotan, esperantzara kondenatuak bizi garela uste dut. Esperantza hori egia bihurtzeko ezer egin barik, baina miraria gertatzearen zain, alegia. Euskarazko kazetaritzaren egoera justifikatzeko hainbat arrazoi entzun eta irakurri ditut: «Ez ditu jarraitzaile nahikoa bereganatzen», «Musika hobea jartzen dute gaztelerazko irratietan», «Gai gehiago jorratzen dituzte gaztelerazko egunkariek», eta abar luze bat. Luzeegia akaso. Arazoaren muina hor dago, nire ustez. Arrazoi bat edo besterengatik ez dugula etxekoa goraipatzeko gogorik. Txikiak direnak (edo garenak) zapaltzen ditugu, eta jada handiak direnak erraldoitu. Zerbait gaizki egiten gaude euskal gizartean.
Korrontearen kontra egin behar dute igerian euskarazko hedabideek etengabean. Hizkuntza aldetik, ekonomia aldetik, eta alde sozialetik ere noizean behin. Eskerrak badagoen horretarako prest dagoen komunitate sendo bat. Denok jarri beharko genuke gure alea komunitate horrekiko. Azken finean, beste edozein alorretan gertatzen den bezala, guk ez badugu hori aldatzeko ezer egiten, nork egingo du.