Koalen beharrean gabiltz
Euskaltzaindiaren definizioaren arabera, orbel deritzo arboletatik jausitako hosto sikuen multzoari. Busturialdean ohikoena haritz, urki, gaztainondo, artea… izan beharko luke, baina badira bizpahiru belaunaldi horrelakorik ezagutu ez dugunik. Indianoek Kaliforniatik ekarritako pinus insignisa izan da orain artean ezagutu duguna, australianoek ekarritako eukaliptua dirudi izango dela hemendik aurrerakoa. Egur hobea delakoan handik eta hemendik hedatzen dihardugu, antza diru-sarrera azkarra delako, nahiz eta dirua jaterik ez dagoen.
Biosferaren erreserba den gure lurraldeko berezko fauna eta flora zenbatean kaltetu dugun galdetu beharko genuke basogintza-politika honekin. Baina ez naiz horretan sartuko. Jakingo duzue, beharbada, baso-suteen hedapenean orbelak pizgarri direla, zenbat eta orbel gehiago eta berau lehorragoa, hau da, zenbat eta zikinago egon basoa, orduan eta sute-arrisku handiagoa. Zenbat eta hosto gehiago, orbel gehiago, hiruko erregela sinplea. Zuhaitzek, orohar, ez dute sua gustuko, eukaliptoak ezik. Eukaliptoak sua maite du. Sutea egon ezkero erreko da, bai, baina bere sustraiak ez, eta berriro ernalduko da, atoan. Eukaliptoarekin dirua egiteko aseguru itzela.
Kontua da sutea badago, suak ez duela arbola bat bestetik bereizten, ezta ondoan baserri bat badago. Urte bero bat datorkigun honetan, eta hurrengo urteetarako aurreikuspenak ere hotzak ez direnean, akaso gure basoetan eukalipto hostoak jango dituzten koala batzuk askatzea ondo etorriko litzaiguke, orbel sukoia murriztu eta baso-suteen arriskua txikitzeko.