Kerizpez beteriko itzala
Aurrekoan Oliberio Girondoren testo bat irakurtzeko aukera izan neban, Txorimaloak 9, eta idazle argentinarraren ikuspuntuak harritu ninduan, ze sortzen dogun kerizpearen ganeko gogoeta zan, bere buruari galdetzen eutsan ea posible dan gure kerizpeaz bizi izana gugan dagoala konturatu barik, eta gogoeta horretatik aurrera ironiagaz betetako artikulua idatzi eban: «…eskailerak igo beharrean asensorean igoten gara itzalak bizkarrazurreko arazorik eduki ez dagian…». Onartzen dau idazleak pertsona bakoitzak bere burugaz daukan konfidantza eta sena derrigorrez lortu beharra. «Amaren itzalpean dagoz ondinokan» dinogu, nerabetasunaren ganean berba egitean.
Girondoren kerizpea itzal bihurtuta, Axularren itzalagaz akordau nintzan, ze kerizpea itzal bihurtzen da norbere sena berreskuratzean: ezkortasunez atsekabean «Bazenki zelako itzala dodan bihotzean!» edo baikortasunez miresmenean: «Itzal handiko pertsonea zan», esaten dogu zeozeinek besteegan eragin han- dian daukanean, bietan kerizpea zentzu- duna danean. Baina garrantzitsuena gure senak bakea izateko eternitatea bilatzera eroaten gaituela esango neuke, horrela itzala arima bihurtzen da: «Madarikatutako itzala bezala zebilen», dino esaerak. Sarako olerki batek dioen legetxe XVII. mendeko euskal idazleaz: «…itzalik gabe, aditua naiz, aingeruak ditezkela. Huna non dioten Axularrez, itzal gabe bizi zala!…» garbi, pekaturik barik. Axularren jakituria hain zan handia Salamancan deabruaren kontrako lehian irabazi eta itzalik barik geratu zala aingeru lez. Kuriosoena J.M. Satrustegik idatziz jaso eban lez bere arima salbatzeko infernutik itzala berreskuratu behar ebala, eta kondairak dionez, bera hiltzeko agindua emon eban mezatan itzalagaz bat zala. Gure ezinek gizon egiten gaitue, zer hobetu izan behar dogu eternitatea lortzeko, besteengana hurreratzeko.
Azkenik, Rosalia de Castrogaz akordau nintzan, Itxaso barruan, Luz Casalek kantauten dauan Itzal beltza poemagaz: «Joana zarela uste dodanean, itzaltzen nauzu itzal beltza, neure burukoaren orpora zatoz barriro nitaz barrezka». Rosaliak sufritzen eban ezin osatutako barne mina, eta bakerik ezin lortuta adierazten eban bere samina: «Kanturik bada, zu zara kantari, negarrik bada, zu zara negartsu, eta zara zu errakaren marmarra, eta gaua zara zu eta goiza zara zu» (Koldo Izagirrek itzulia). Zelako itzala eukan Rosaliak bihotzean! Argi dago itzal eta argiz osaturiko bizitza daroagula, eta ahal izanez gero, bizipozari eustea litzateke berea, Txo primo, kerizpetik gero!