Kasualitatez agertu zan
Hasikeran horrenbeste aldatu erain eben txorixen kantuek, horren zoriontsu eta alai egonarazten eben txorixen jolas eta edertasunek, karga bihurtzen hasi ziren
Kasualitatez agertu zan… Euromilloiak toketan dan moduen edo lau hostoko hirusta bat topetan dan moduen. Berak bakarrik egin eban, momentu egokixen leku egokixen egotie, zelan Newtonei sagarra jausi jakonien. Bera arbolapien ipiñi zan eta…
Egixe esan, hasikeran dana zan politxe. Ume txiki bat, beren urteeguneko ilusiñoz edo eguberri egunien, urte osoan itxaron daben eta azkenien Olentzerok ekarri deutson horrenbeste amesten eban jostailu horregaz jolasien dabillela dekon aurpegi eta begirada distiratsu horregaz urtetan zan kalera. Beren ondoan, Heracles bera be, ezerezien geratzen zan. Odin, Zeus, Thor… zomorro hutsek zirela sentiarazten eutson. Erakustaldi edo txapelketa ekinoatara aurkezten dan zaldi andaluz batek baño elegantzi handixauagaz pasietan eban eta uda sasoiko zeru gorriko egunsenti bat baño ederraua sentitzen zan.
Bera, nor, hego-haiziek joten dabenien, zurrunbilo batek hartute noraezien dantzan daroan hostoak baño fundamentu gitxiau eukona, zirujau baten hoztasunez jokatzen hasi zan. Beren mugimendu bakotzak Pitagorasen kalkuloak baño estudio gehixau euken atzetik. Erloju suitzar baten zehaztasune bihurtu zan bere izate… behintzat gañontzekoen begixetara.
Baña hau gertatzen zan aldi berien bere baitan kontrako mobimenduek zebilzen gertatzen. Ez zan dana kanpoko begixek ikusten eben bezain politx. Beren barruen Richter eskalan 9.8ko lurrikara batek sortzen dabezan dardarak bizi ebazan. Beren burue gabarik trumoitsuenetako eztandak eta beren sentimenduek paso eskatzen eben, zelan elur-jausi batek edo galarrena egun batez olatuek kai muturren kontra. Egunek mendi errusiar batek baño gorabehera gehixau euken.
Gogor saiatu zan sentimendu guzti horreek baretzen. Eusten. Barruko plaka tektonikoak euren lekure eroaten. Elur-jausi horretan barriro bide ein eta olatuek apurtutako kai muturre barrizten. Baña egunez egun ahituau sentitzen zan. Beren inderrak, behin eta barriro alde batera eta bestera eragin ostien plastiko edo burdin zati bat ahultzen dalez eta poxpolo batek zotsa jaten daben abiaduran kontsumitzen ziren.
Baña hasikeran horrenbeste aldatu erain eben txorixen kantuek, horren zoriontsu eta alai egonarazten eben txorixen jolas eta edertasunek, karga bihurtzen hasi ziren. Etxien eukon txori exotikoak tratu eta harrera berezixek behar ebazan. Mimo berezixek. Jateko berezixek. Beren lumajiek zaintza berezi bat eskatzen eban. Danan begixetara horren politxe zan. Kolore hipnotiko eta kantu ederreko txorixe. Baña egunero, orduoro, uneoro zainddu behar zan. Batzuten ez eukon kantetako gogorik, eta bera han egoten zan txorixeri laztanak eiten, lumek orrazten edo konpañixe eiten. Beste batzutan, beren hegopien eskutetan eban burue eta ez zan bere kaiolako kolunpiotik mobiduten baña halanbe, bera, beren txorixen ondoan… Eta erabakixe hartzie tokeu jakon. Ezin eban gehixau luzatu. Kaiolako atiek idi eta aske izteko momentue zan. Txorixeri atiek zabaldu behar eutsozan berak hegan eiñ ahal izeteko. Bera be bizi ahal izeteko.