Kaparradak eta pinganilloak
Hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa sozial txalogarria den Euskaraldiaren oihartzuna amata ez denean, eta haren ebaluazioa nahasi nahirik edo, hara non batu zaizkigun Eneko Kaparrada eta Isabel Pinganillo. Enekok identitatearen kontua begitan hartua du aspalditik; berak eta bere partiduak (PSOEren sukurtsala Euskadin), ezen, izan ere, Idoia Mendiak mantra berdina errepikatzen baitzuen aldiro-aldiro: «No es tiempo de identidades y de banderas». Euren identitatearentzako (gaztelera, piperpotoa, himnoa, monarkia…) beti da, ostera, udaberria.
Oraingo honetan, Enekok bere ohiko oratoria goren mailakoa erakutsi digu: «EHBildu euskararekin kaparrada ematen ari da». Hizkuntza bat identitatearekin lotzen denez, argi du helburua: mutu nahi gaitu edota gazteleraz berbetan. Madrilen egin du oka entzulego gogotsu baten txaloak eskale gisa jaso asmoz. Argumenturik ezean, halako klixeak oso lagungarriak izaten dira. Kiratsa dario, batez ere esandakoak gordetzen duenak gogora ekartzen digulako falangisten maxima hauxe: «Los separatistas se fijan en si hablan lengua propia, en si tienen características raciales propias, en si su comarca presenta clima propio o especial fisonomía topográfica». Eneko euskara separatista eta arrazista borrokatzera joan da Madrilera gorbata gorria jantzita. Baina bere balentriaren esne mamitan zelarik, Isabelek protagonismoa kendu dio; honek ere Madriletik, eta, hau ere gorriz jantzita, bere tartetxoa eskatu du euskara zaztatzeko. Ez du gaztelania ez den beste hizkuntzarik entzun nahi izan, naiz eta pinganillotik itzuli.
Esan ohi da eskuineko espainiar baten antz handiena duena ezkerreko espainiar bat dela. Kasu honetan, biak ala biak Españaren batasuna mehatxupean ikusten dute, «esa unidad de destino se llamó y se llama España» (Falange, 1933), euskera delarik elizak bedeinkatutako batasun sakrosantuaren egitura hondatzen ari den pipia. Horregatik bereziki amorragarria egiten zait Enekok gorbata gorria janztea «kaparradak» uxatzeko amarru gisa, badirelako beste «kaparrada» batzuk, euskeraz gain, bere partiduak hamarkadetan historiaren kaxoian gordeta utzi dituenak. Enekorentzat kaparrada da kunetetan fusilatutakoen memoria, fosa komunetan lurperatutakoena, desagertu behartuena edo nahi gabekoena, bortxatutako emakumeena, estatu-kolpe batek odoletan itotako ilusio errepublikanoarena…
Kaparrada eta Pinganillo; batalako beste, auntzaren odoloste.
Zutabea bidaltzear nagoela, azken orduko albistea heldu zait: Euskeraren Erabilera Bizi berritzeko Biltzarra egingo du Jaurlaritzak 2027an. Falta zena ménage á trois baterako.