Kalitatezko arreta pazientearen hizkuntzan
Irakurle maitea, inoiz galdetu al diozu zeure buruari ohituraz erabiltzen duzun hizkuntzan gai ez den medikua izateak nola eragin diezaiokeen zure osasunari? Galdetu ahal dizute osasun zentroan noizbait osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahiko zenukeen? Ba al dakizu Osakidetzak pazientearen lehentasunezko hizkuntza erregistroa orain dela urte batzuetatik martxan duela? Agintarien ahotan sarri entzuten da mediku falta izugarria dela. Ez dute esaten, ordea, euskal osasun sisteman euskarazko arreta integrala bermatzeko zenbat mediku euskaldun falta diren. Ez al da lehentasuna arreta euskaraz eskaintzea? Erabakiak hartzen dituztenak entzunda badirudi ezetz.
¿Cuántas veces has ido al baño? galdetu zion urgentzietako medikuak aitona euskaldunari. Esta semana una «bes» erantzun zion aitonak. Eskerrak aitonaren ilobak beherakoarekin zebilela bazekiela. Noski, medikuak ez zion ulertu astean behin dutxatzen zela, eta ezta aitonak ere komunera joateaz galdetu zionik. Beste amona euskaldun bati medikuak ospitalean respira hondo esan zion, eta amonak sí erantzun zion. Nola erantzungo zion bada, arnasteko ez zeukan arazorik eta. Aldiz, medikua sakon arnasteko eskatzen ari zitzaion. Baina ulermenaz eta pazientearen eskubideaz haratago, osasun arreta kalitatezkoa eta segurua izan dadin ezinbestekoa da pazienteak hautatu duen hizkuntzan ematea.
Mundu zabalean hainbat dira aipatu gaia aztertzen ari diren ikertzaileak. Horretan Kanada, Zeelanda Berria, Australia edota Gales aitzindariak dira. Euskal Herrian ere apurka-apurka bidea egiten ari gara. Bide horretan Aitor Montes Lasarte Aramaioko familia medikua erreferentea da niretzat. Aitorrek urteak daramatza pazienteen hizkuntza beharrak, eskaintza aktiboa,… aztertzen eta teorizatzen. Nazioarteko aditu talde baten parte ere bada, eta bere ezagutza eman eta zabaltzen digu EHUk UEUrekin batera eskaintzen duen graduondokoan eta urtero antolatzen ditugun EHUko Uda Ikastaroetan. Horrez gain, Aitorrek ikasitakoa praktikan jartzen du egunero. Adibidez, paziente euskaldunen historia klinikoak (ebolutiboak) euskaraz idazten ditu. Horrek arazoak eta bere kontrako erasoak ekarri dizkio, baina medikuntzaren kode etikoan oinarrituta tinko eutsi dio kalitatea bermatzeko praktika egoki horri. Bere lanari esker Debagoienako ESIan adostu berri dute euskaraz ez dakiten osasun profesionalentzako harrera protokoloa garatzea (txalotzekoa Debagoienako zuzendaritzaren erabakia). Protokoloaren bidez babestu egingo da lehentasunezko hizkuntza gisa euskara aukeratu duten pazienteen historia klinikoak euskaraz idaztea, kalitatezko arretan aurrerapauso handia emanez.
Momentu ezin hobea da jendarteak eta Osakidetzako osasun profesionalek azeleragailua zapaltzeko. Beraz, herritarroi anbulatoriora joan eta arreta jaso nahi duzuen hizkuntza erregistratzeko eskatu nahi dizuet, eta euskaraz gaitasuna duzuen Osakidetzako osasun profesionaloi euskara hautatu duten pazienteen historia klinikoak euskaraz idazteko.