Lau urteko hutsunea eta gero, iaz barriro gozatu ahal izan neban gernikarrontzat horren berezi dan egun honetaz. Eta esan behar dot ume batek baño ilusi-
ño gehixaugaz hartu nebala. Eta aurtengoari are eta ilusiño gehixaugaz beituten dautsat. Akaso urteetan gora noalako eta noz edo noz zutabe honetan aipatu dodan nire iraganeko baserriko bizitzaren nostalgiaren ondorio.
«…Baserritarrez jantzita doa gida lanak egiten dabezan neskatoa, bere soiñeko eta zapiagaz. Atzetik, lurrean markatutako eta norabidea adierazten daben geziei kaso egiñez, Euskal Herriko lurralde zein munduko edozein txokotatik etorritako bisitariak. Etxetxo forma hartzen daben kaiolatxoetatik, banan-banaka igaroaz, desagertzear dagoen espezie horren azken giza-aleei begira. Hurrengo etxetxo-ra hurbildu eta gizonezkoaren parean geratuz honela aurkezten dabela-
rik bisitari adien aurrean:
-Hona hemen, Homo Sapiensaren ondorengo eta gure arbasoetako azken giza-aleetako bat. Sapiens Sapiens bat. Bere ondoan daukan Y antzeko forma hori duen burdin zati horregaz (laia-ri erreferntzia egiñez), lurra zabaltzen eben eta lur hori landu ostean, haziak bota eta lurrak emandakoaz elikatzen ziren. Idi, asto edo zaldiekaz ere lantzen eben lurra, goldea izeneko tramankulu bati esker. Ondoko etxetxoan ikusten dozuen nire janzkera daroan andrazko Sapiens Sapiens horrek, aurreko etxetxoko gizonezko Sapiens Sapiens-ak ereindako haziak, eurak bizi ziren garai haretako baserri izeneko etxeetako eta ganbara deituriko azken pisuan siketzen izten ziren hazi horrek aletu eta saltzen ebazan gaurko egunez. Indixaba izena hartzen eben eta manjar bat ziren sasoi haretan. Ideia bat egin daizuen…gaur egun daukaguzan «barazki gel»-en arbaso bat dala esan geinke. Apur bat aurrerago, gaur egun, Goierriko mendi garaietan eta Izaba aldean ondiño bizi dan, Artzai deituriko espezie honen azken alea. Sapiens Sapiens mota honek ardi izeneko abere batzuei esnea kendu eta gazta izeneko jaki bat elaboratzen eban. Hau be produktu oso maitatua gure arbasoen sasoian.
Hor aurrerago dagoen etxetxoan… Zuhaitzek emoten eben sagar izeneko fruituak batu eta tolare izeneko tramankulu batean sartu ostean, sagardo izeneko edaria ekoitziz bizi ziren garai hartako beste ale batzuk. Barriro be, idea egin daizuen, gaur egun Coca-cola etxeko Sagarkola edari horretako baten zaporea eukon edaria modu naturalean egiten eben…
Ez dakit ezkortzat joko nozuen, baña horretarantz goazela irudi jat. Baserriko bizixe, bardin dost Urriko Azken Astelehen zein San Isidrotan izen, ez da jai. Urte osoko lana egun baten bakarrik ikusten dogu. Oso politxe da holako ferixetan eskue emotie eta urtien gainontzekoan supermerkatu eta holakoak elikatzie. Benetan… gure seme-alabek ez dabe jakingo zer dan Baserri bat. Ez dabe jakingo indixabak batzie, siketzen itzi eta zuritxien lana. Ez dabe jakingo oilotokire joan eta egunez egun arraultzak batzie zer dan. Edo behixek eraztie zer dan. Horregaitzik, gozatu! Gozatu topera desagertzear dauen nekazari eta baserritar deituriko espezie honen azkenengo aliek eskeintzen deuskuen lanataz, guk jai bihurtu dogun honetaz, eta ez buelteu esku-hutsik etxera. Urriko azken astelehen eder bat paseu eizue!