Jokabide aldaketa
Ikasturte berria duela gutxi hasi zen, eta dagoeneko guraso asko euren seme-alaben egoera, akats eta zailtasunak bitarte direla, garbi arduratuta daude.
Euskal esapide zahar batek dioen bezala, «egunak egunen ondotik doazi oharkabe eginez ihesi». Ikasturte berria duela gutxi hasi zen, eta dagoeneko guraso asko euren seme-alaben egoera, akats eta zailtasunak bitarte direla, garbi arduratuta daude.
Egunak eguna aldean duen arren, ez dugu horretaz, antza denez, kontzientzia handiegirik eta, ondorioz, ikasleek aurreko ikasturteetan izandako akatsetatik ikasi beharrean, euren ikas-jardueran aldaketarik egin gabe jarraitzen dutenez, barneratuta dituzten ohitura eta ikas-prozesuetan ezelako hobekuntzarik ez izanaren ondorioz, aurreko ikasturteetan izandako egoera larri berdintsuan dira, ikasleen euren kalterako eta gurasoen artegatasunerako.
Egunak adar luzea duela pentsatuta bizi garen arren, ez da, oro har, gure zurrunbiloan bete-betean sartuta, seme-alaben ikasketa kalitatearekiko oldozmenik egiten, eta are gutxiago ikas-prozesua arrakastatsu garatzeko beharrezko tresna eta baliabideez sakoneko azterketarik egiteko abagunerik izaten, agian, seme-alaben hezkuntzari dagokion garrantzirik ez emateak eraginda.
Gurasoen helburu nagusia seme-alabek ikasgaiak gainditzea da eta, dagoeneko hasi dira lehendabiziko emaitzak jasotzean muzinka, itzaltsu eta aurpegiera eder handirik gabe.
Ikasle askok bere egoera akademikoa, trebetasunak, mentalitatea eta lanerako metodologia eta jarduera asko hobetu edota errotik eraldatu beharrean direla ikusi arren, ezer gutxi dagie egoera hori eraldatzeko eta bestalde egun daukagun hezkuntza sistema zaharkituak ere ez die egoera horretan eraldaketarako beharrezko liratekeen tresna eta baliabideak irakatsi edota eskaintzen. Ondorioz, ikasleak beti dabiltza ezinean eta hainbatetan noraezean, artegatasun garbian.
Egoera latzetatik irteteko, borondatea, egoerarekiko oldozmen eta azterketa; eragozpen eta zailtasunen araberako neurriak hartu beharra eta egoera errotik eraldatzeko hartutako erabakietan kontsekuenteak izateaz gain, etengabe jarduteko konpromisoa ere ezinbesteko da.
Aipatu guzti horiek garatzeko, baina, norbere jokabide-ohiturak aldatu behar. Gizakirik gehienak euren ohiturak aldatzeko prozesua hastean, lortu nahi duten «helburuan» ardazten dituzte, eta horrek helburu edota emaitzetan oinarritutako ohiturak barneratzera garamatza.
Aukerarik egokiena nortasun-aldaketan oinarritutako ohiturak eraikitzean datza. Gizasemerik gehienek, hobetzeko erabakia hartzean, ez dute euren jokabidea eraldatzeko nortasuna aldatu beharra aintzat hartzen. Eta horrela ezer gutxi lor daiteke. Jokabide aldaketa hiru maila desberdinek osatzen dute.
Lehendabiziko maila emaitza-aldaketarekin lotuta dago, eta azalekoena da. Lortu asmo diren helbururik gehienak aldaketa-maila honekin zerikusia dute.
Bigarren mailak, aurrekoa baino sakonagoa, prozesu-aldaketarekin zerikusia daukanez, ohitura eta sistema aldaketarekin lotuta dago. Garatutako ohiturarik gehienak maila honekin erlazionatuta daude.
Hirugarren mailak, sakonena, norbere nortasuna eraldatzea dakar. Maila hau norbere sinesmenak, munduarekiko dugun ikuspegia, norbere irudia, bakoitzak berekiko eta besteekiko dituen uste eta iritziak eta abar eraldatzearekin lotuta dago. Gure baitan ditugun sinesmen, aurreiritzi, aieruzko uste eta balio iritziak maila honekin lotuta daude.
Emaitzetan oinarritutako ohituretan, ikuspegia, lortu nahi den helburuan jarrita dago, hau da, ikasgaiak gainditzean adibidez. Bestalde, nortasunean oinarritutako ohituretan, ikuspegia goi mailakoa da, pertsona bezala «nor izatera iritsi nahi dugun» gaiari erantzutera garamatzalako.
Ondorioz, nortasunean oinarritutako jokabideak sortzeko gure izana hobetu eta eraldatzeko prozesuei heldu behar zaie eta horrek zein pertsona mota izan nahi dugun zehaztu eta erabaki beharrera garamatza, geroztik helburu den nortasuna lortzera garamatzaten ekintza eta urrats txikiak emanez.
Ikasleek jokabide-aldaketa hori izatean besterik ez dira goi mailako bihurtzen.