Jarrera ahozabala
Azken urte hauetan maiz entzun dudan hitza da ahozabalkeria. Sarritan gaztelaniaz: bocachanclismo (eskerrik asko Gernikako Berbalagun taldeari euskaraz nola esan diezaiokegun argitzeagatik). Orokorrean kutsu negatiboa izan ohi du, eta aldez aurretik edo behar baino gehiago hitz egiteari erreferentzia egiten dio. Idatzi honetan, adibide baten bitartez, ahozabalkeriak, esaten denaren edukiarekin baino gehiago, esaten den erarekin zerikusia duela proposatzera nator.
Aurrekoan pertsona talde batek eginiko euren ahozabalkeriaren gaineko hausnarketaren berri izan nuen. Iraganean ahozabaltzat ikusten zituzten taldekide askok euren burua: gai konkretu batean esperientziarik izan barik hitz egiten zutelako konfiantza osoz, adibidez, edota besteei zerbait erakutsi edo deskubritu nahian esaten zituztelako euren ustetan egia borobilak ziren hainbat gauza. Orain, aldiz, horrelakoak alde batera utzita zituztela pentsatzen zuten, antza, ahozabalak izatearena iraganean kokatzen baitzuten
Talde horren nondik norakoak jarraitu ditut, eta ados nago ez dituztela jada, lehen, ahozabalkeriaz aldarrikatzen zituzten ideiak barreiatzen. Jokatzeko eta erabakiak hartzeko bestelako irizpide batzuk garatu dituzte, eta honekin oso pozik eta gustura sentitzen dira. Askotan, era berri hori jakitera emateko ikastaroak edo hitzaldiak antolatzen dituzte. Beste askotan euren «filosofia», eurek jarraitzen dituzten liburu eta autoreak eta abar aipatzeko dudarik, eta hauetan luzatzeko erreparurik ez daukate. Bukatzeko, lehenago, euren ustetan ahozabalkeriaz aldarrikatu zituzten ideiak mantentzen dutenen aurka gogor argudiatzen dute, gaur egungo beraien ideiak baliagarriagoak bailitzan.
Ez al da ba, hein handi batean, ahozabalkeria era honetan ere ulertzen diskurtsoaren edukia aldatu arren? Azken finean, ahozabalkeriak ez du edukia epaitzen, eduki hori zabaltzeko erabiltzen den jarrera baizik: nahiz eta orain iraganean baino arrazoi gehiago duzula pentsatu, nahiz eta esaten dituzunak egia santuak direla sinistu, iraganean oker zeundela aitortuz, ahozabalkeriaz jokatzen ari zara dituzun ulermenak besteenak baino zuzenagoak edo garrantzitsuagoak direla uste baduzu.
Ahozabalkerira jo gabe, gai honetan bestelako ikuspuntuak egon daitezkeela onartuz, eta zure honen gaineko hausnarketak irakurtzeko interesarekin agurtzen naiz ezer partekatu nahi baldin badidazu solashari@gmail.com posta elektronikora idazteko eskertuz.