Jarioa eten da
Aspaldian, medioetatik, eragina duten pertsonengandik... eraikitako errealitateak akritikoegi, errealitate horiek egia bihurtuko ditugunon parte hartze aktiborik gabe irentsi ohi ditugun beldur ere izan naiz
Laida hondartza bisitatu dugu egun goibela dela aprobetxatuz eta jendetza ekidin nahian. Dutxak erabiltzera joan garenean ez da ur tantarik erori. Orduan konturatu gara Busturialdeko Ur Patzuergoaren oharraz: ekainaren 15etik aurrera eta uda bukatu bitartean gure eskualdeak bizi duen ur eskasia dela eta, debekatuta dago hondartzetako dutxak erabiltzea.
Atoan datoz burura gogaitzeraino errepikatu ohi diren leloak: klima aldaketa eta izan dugun udaberri lehorra.
Beste hainbat debekutaz ere ohartarazten du idatziak, baina Gernikarako bidean hauen berri nork duen galdetzen diogu geure buruari, harrituta… erdi haserre: 10 auto garbitzen ari dira gasolindegian, igerileku pribatuak urez bete dituzte edonon, profesionalak ez diren esplotazioak ditugunok gure ortuak ureztatzen jarraitzen dugu…
Egun berean Xabi Aranak herriko aldizkari batetan Eider eta Arkaitzen arteko elkarrizketaren bitartez gure eskualdean urarekin gertatzen ari den fenomenoaren ikuspegi zabalago eta sakonago bat eskaini digu: eukalipto landaketak, akuiferoetan pilatutako metal astunak, kiwiak behar duten gehiegizko ureztatzea, gure erreken gain ustiaketa, Bermeora bideratzeko hodien bidez egiten den ur-biltzea… Bere kontaketa bukatzen duen bezala elkar saminez besarkatzeko gogoa pizten digu idatziak.
Guzti honek duela gutxi lankide batekin izan nuen berbaldia dakarkit burura. Berak ezin zuen sinetsi nola eraiki zitekeen iritzi publiko bat gaiaren inguruan ezer ez zekitenen baina sozialki eragin handia zuten norbanako eta taldeen aldarrikapenetan oinarrituta. Zur eta lur zegoen medioek iritzi publikoa bideratzeko duten ahalmenaz konturatuta.
Soziokonstrukzionismoak diskurtsoak eratzeko eta diskurtsook errealitate bihurtzeko ahalmen, aukera, gaitasun guzti hauek ditu hizpide. Soziokonstrukzionismoak erabiliko ez lituzkeen hitzak erabiliz onerako zein txarrerako eraiki daitezke diskurtsoak eta errealitateak gure nahiei egokituta (hobeto litzateke gure beharrei balitz!). Aspaldian, bada, medioetatik, eragina duten pertsonengandik… eraikitako errealitateak akritikoegi, errealitate horiek egia bihurtuko ditugunon parte hartze aktiborik gabe irentsi ohi ditugun beldur ere izan naiz.
Hor nire alea Busturialdeko ur (eta beste) jarioen etena ulertzeko, justifikatzeko eta eraikitzeko bidean. Arazo barik kenduko dugu etxean area gainetik, baina herriaren «onerako» delakoan ez dezala ur kudeaketa ilun honek aurrera jarraitu!