IXKIRI
Juan Mari Zubikarai Osa, Ondarruko borrokalari ohia, 91 urtekin joan zaigu inork jakin gabe ixil-ixilean. Uztailaren 24an utzi gintuen Santurtzin eta bi hilabete beranduago jakin izan dugu bere heriotzaren berri.
Ixkirigaz espetxea eta borroka partekatu dugun kideok, ez dugu ahaztuko bere konpromiso solidarioa, baina, ezta ere une zailetan adierazten zuen umorea eta poztasuna, ez zena gutxi egoera frankista hartan.
Antifrankista zen bera, alde guztietatik. Ondarroan atxilotu eta ondoren Basaurin espetxeratu zuten joan den mendeko 70eko hamarkadan, preso eta errepresaliatuentzat dirua biltzeagatik bere herrian. Segoviako espetxera eroan zuten gero, Beti egon zen prest kartzelako egoera guztietan parte hartzeko. Hau da, eztabaida luzeetan gure arreta erakartzen zuten gai guztiei buruz, gose grebetan, zigor ziegetan, ihes egiteko saiakeretan, preso politikook sortu genituen planteetan…
Garai hartan, eztabaida handiak izan eta gero, ETA VIan militatzen hasi zen. Bere erara militatu zuen: denen laguna izaten, beste bide bat hartu zutenak errespetatuz.
Aske atera ondoren borrokan jarraitu zuen amnistia osoaren alde. Lemoizko zentral nuklearrean lanean aritu zen, eta han sindikalista moduan, langileen aldeko borroka guztietan parte hartu zuen eta, batez ere, proiektu monstruoso hura geldiarazteko. Ondarroako institutuan bedel gisa amaitu zuen bere lan-bizitza, baina ez bere konpromisoa.
Euskera, Euskal Herrian bere etorkizuna erabakitzen eta justizia soziala bultzatzen jarraitu zuen.
Ixkiri xumea, berritsua eta polemista zen. Beste milaka gizon eta emakumerekin batera posible egin zuten gaurko Euskal Herria. Beti herri xehearekin zegoen, hitz potolo eta hutsik gabe. Jendearekin jendea dagoen tokian, hau da, jaietako txosnetan, aldarrikapen pankartetan eta mota guztietako bileretan. Denek ulertzen duten hizkuntza hitz eginez. Horiek dira ezinbestekoak, historiaren protagonistak. Agur eta ohore.