Iritzia eman
Bost urtez aritu naiz zutabe honetan nire iritzia plazaratzen eta gaur arte ez dut gogoeta sakonik egin iritzia emateaz: gure testuinguruan, garaiotan, eskualdeko kulturan… zer esan nahi duen, zer eragin izan dezakeen iritzia emateak.
Txikitatik ia-ia mutur biak ezagutu nituen: bere iritzia eman ohi ez zuen aita eta galdetu aurretik erantzuten zuen ama. Uler zitekeen, lehenak, nolabait ipar-orratzik gabe eta libre bizitzen uzten zidala, azkenak aukerak goizegi murrizten zizkidan bitartean. Hala eta guztiz, ez zen guztiz horrela izan, biak ala biak nik neuk hartutako erabakietan babesa agertu baitzidaten. Gainera, etxeko pribatutasunean baino ez ziren etorkor eta aldarrikatzaile, hurrenez hurren.
Haatik, oso bestelako gauza bat da norbere burua azaleratzea bost asterik behin, publikoki eta iritzi hartzaileen erantzunak eta erreakzioak ezagutu gabe. Barrukoak erakustea bezalakoa, besteek ikusten dutenarekin bat datozen ala ez jakin gabe, euren barruak antzekoak direnentz usaindu ere egin gabe eta, batez ere, mezua nahi eran heldu den kontrolatu ezinik.
Iritzi-emaile rol honetan, jokatu ditudan beste askotan bezalaxe, exijentziaren presioak ere egin dit inoiz kukuren bat edo beste. Kasu horietan HITZAko langileen eskutik jasotako lasaitasun mezuak antsietateari berehalako ostikoa emateko oso baliagarriak izan zaizkit beti.
Finean, idazteak zeharo laguntzen dio forma ematen buruan zurrunbilo bat legez bueltak ematen izan ditzakegun horiei guztiei. Zentsuren batean terapeutikoa ere izan daiteke, gai baten inguruko gogoetak antolatzen baitituzu eta informazioaren inguruko ikuspegi jakin bat lehenestera heltzen baitzara, batez be zu irakurriko zaituztenen aurrean aldeztu behar baduzu.
Horregatik guztiagatik, mila-mila esker!