Irakurriz, ezagutzaz jantzi
Egungo gizartean aginte ekonomikoa da nagusi. Komunikabideak bere esanetara daude eta, ondorioz, bere onurarako ideiak herritarrei hezurretaraino sartzen dizkie, edota ahalegintzen.
Mendebaldeko pentsamoldearen jatorri dugun Antzinateko Greziar Kulturan sortu eta ezarri zen, K.a. VI gizaldiaren azkenean, egun guztiz zabaldutako sistema politiko nagusia: demokrazia (dêmos «herria» y krateîn «gobernatu»). Hiriaren gobernu-sistema adierazteko sortua, bertako erabakiak hartzeko eskumena herri-batzarena zen.
Halikarnasoko Herodotori esleitu zaio literatura-genero eta ikuspegi intelektual gisa, HISTORIA sortu izanaren ohorea eta K.a. V. urrezko gizaldiko Ilustrazioko buru argienen ordezkari bikainetako bat dugu. Bere HISTORIA mardulean, gobernu-erregimenik egokienaz jardutean demokraziaren lehen aipamena dagi, hauxe esanez: «[…] Aldiz, herri-gobernuak, lehenik eta behin, munduko izenik ederrena dauka: isonomia» [Historia, III L, 80,6].
Isonomia, eskubide zibil eta politikoekiko herritarren berdintasuna da. Demokraziaren beraren izana labur eta zehatz adierazteko kontsigna politikoa zen eta horixe izan zen, «demokrazia» kontzeptua nagusitu orduko, garai hartan erregimen demokratikoa izendatzeko erabilitako hitza.
Egia esan, atenastar demokraziak egungoarekin antzekotasun gutxi dauka garai hartan «herritar» izaera eta maila biztanle batzuk besterik ez baitzuten.
Demokrazia hitzak greziarrentzako (egun ere askorentzat), berdintasuna esan nahi zuen; berdintasuna, hartutako erabakien aurrean eta erabakiak hautatzean ere. Bere esanahia ez da erabakiak hartzeko ordezkariak hautatze soila (ordezkotza-demokrazia). Hori ez da demokrazia. Demokrazia modernoa gehienentzako botoa ematera mugatzen da, eskubide hori aldiro-aldiro besterik ez izanez. Are gehiago, zerrenda itxietako ordezkariak bakarrik hauta daitezke eta gainera eremu legegile eta betearazleari dagozkien esparruetan bakarrik. Aurrekoa gutxi balitz, hautatutako ordezkariak dira, ez herritarrak, gizarte-gaiez erabakiak hartzeko ahalmenaren jabe. Herriak esanari entzungor eginez, erreferendumak eskatzean, hautatutako ordezkariek eskubide hori errotik eragotzi dute.
Bestalde, iritzi publikoa aipatzen dugu sarri baina, tamalez, ez da herri-iritzia. Ez da norbanakoen oldozmenaren emaitza; ez da herritarren pentsamolde erreflexiboaren ondorio zuzena. Herritarrek, oro har, ez daude pentsatzeko hezita eta datozen belaunaldiak, are gutxiago. Ez dago oldozmen kritikorik. Herritarren hein handi batek nekez dagi arrazoitze edota hausnartze prozesurik, zalantzarik gabe gutxi irakurri izanak eraginda. Jean-Paul Sartrek zihoen bezala «[…] Munduan jende ugari dago infernu gorrian, besteen iritziarekiko menpekotasun handian bizi baitira».
Burmuinak ez du erabakirik hartzen, gure emozioak baizik. Une bakoitzeko emozio-egoerak hautatzen dizkigu erabakien nondik norakoak. Automatismo garbian gara eta pentsaeran ere berdin gabiltza, pentsamendu berri oso gutxi egun bakoitzean sortuz.
Egungo gizartean aginte ekonomikoa da nagusi. Komunikabideak bere esanetara daude eta ondorioz, bere onurarako ideiak herritarrei hezurretaraino sartzen dizkie edota ahalegintzen. Jendeak, beste gurtzarik ezean, telebista du jainkosa nagusi eta bertako informazioa filtro urriz jasota edo egunkarietako albisteak argi erakarrita erabakitzen du. Nortasun faltaren seinale.
Iritzi publikoa, iritzi mediatikoa da, komunikabide eta heziketaren bitartez aginteak sortutako iritzia. Hori da gakoa. Irtenbidea: irakurriz, ezagutzaz jantzi.