Orain dala urte batzuk bazkal ostean potoak garbitzen nengoala, Arantza Iturbek Joxean Artzeri egindako entrebistea entzuteko aukerea izan neban. Asko harritzen nau sortzaile batek bere pentsakeraz berba egiten dauanean, batez be artelana egileak bizitzaz daukan iritziaren fruitu lez azaltzen bada, Artzek inoana entzutean berdin pasau jatan: «Sortze lanak neu nazena ezagutzen lagundu deusta eta hori nahiko da justifikatzeko. Danok gara sortzaile eta zeozerk ernagatzen banau hori da berez garena ez onartzea; beste kontu bat da ezagutza horretan azalean geratzea, ez sakontzea, baina hori gaur egungo gizonaren ezaugarri bat da. Gizakiok ez gara zoriontsu zoriona ezin dalako eduki, zoriontsu izan egin behar da. Gizarte kontsumista honetan edukitzeaz balio gara, eta horrek ezelan be ezin gaitu ase».
Sormenaren gunea gizabanakoaren barruan dagoala, norbere barruko argian, eta argi horretatik jasotako txinparta dala sortzelana esan euskun Artzek: «Makal aldietan behar egiteko joerak izugarri lagundu ahal gaitu bizitzaz dogun iritzia arteagaz indartzen bada, eta, aldrebes, arteaz doguna bizitzagaz, ze era horretan ez gara izango emaitzen morroi, salmenta ez da izango sormena baino inportanteagoa».
Irratsaio aurrera joan ahala Artzek bizitasun handiz eta naturaltasunez alkarrizketa ia errezitaldi bihurtu eban: «Olerkiak txoriak lakoak dira, hegan ikasi behar dabe munduan ibilteko, ez dira arranoak, urbelak baino; justu-justu burua ur gainetik atera arnasa hartzeko eta ostera be uretan hondoratzen dira, hegazti izateari inoiz laga barik. Halan, olerkiak hondoratzen dira irakurleen barnean, sentipenak edozein momentutan hegaldia jaso ahal dabela, urbelak lez».
Bere berbetan: «Gizakiok geure osotasunean ez gara soilik gorputz eta arima, geure ingurua be bagara; horregatik berbizkunde egunean erlijioak geure inguruagaz jasoko gaitu. Geugaz bat da geure ingurua, zelaiak, arbolak, auzoa, hiria, ibaiak, parkea, lanbroa, hondartza. Unibertso barruan gizona pieza bat da, eta atal bakoitzak dauka bere funtzioa, bere justifikazinoa. Errealitatea ez da zentzurik bako oreka, berezko armoniadun osotasuna baino. Gu naturaren parte bat gara, baina hondar ale txikienak be justifikatutako izaera dauka. Beraz, bada gauzen metafisika bat izatean eta ez edukitzean zentzua daukana, eta gizonak horri erreparatu behar deutsa. Inoiz baino baliabide gehiago izan arren, ongizate gizarte honetan ezin gara ase».
Artzek esandakoak kontuan izan beharko gendukez, bere berbetan guztiok sortzaile ahalmena dogu, eta inguruagaz zoriontsu izaten ikasi behar dogu pertsonari eta ez edukitzeari balioa emanaz: «Zoriona edukitzea ez da nahikoa, zoriontsu izan egin behar da».