Sirena zaratak esnatu ninduen bart gauean. Eta ametsen eta mundu iratzarriaren arteko tarte erdi narkotiko horretan buruak badirudi zenbaitetan eguneroko logika arrazionaletik ihes egiteko gaitasuna duen marko bat duela maite, ederra da norberarentzat direlarik.
Sirena zarata, begiak ezin guztiz ireki, gaueko ordu txikiak direla marrazten duen iluntasunaz jabetzeko beste bai… burua puntu narkotikoan hasi da bidaiatzen… periferiako kale bazter bat, haserre dira protagonistak, eta frustrazio gorpuztuak guzti hori kanporatu nahian ia bizitzak ihes egin dio beraietariko bati. Jarraitzen du bidaiak ideia batetik bestera irristatuz.
Apurtzen gaituzten bizi egoerek argitara ekartzen dute idealaren zorurik eza: funtsik gabeko arrazoia, mugarik gabeko bizitza, finitutasuna ukatzen duen existentzia eta heriotza. Mundu prekarizatuaren aurreko amildegia gure aurrean agertuz. Gordina da.
Zorurik gabeko ideal hau grabatu bat bailitzan betierekotzen saiatzen badira ere gure azal eta buruetan, gure barrenenean, bizitza bera ulertzeko moduetan. Izan zaitez independente, izan zaitez autosufiziente, egon prest, produzitu –eta deskantsatu berriz produzitu ahal izateko–, mugimendu geldiezinaren menpeko, izan arin eta malgu, izan ezberdin –ezberdintasunean berdin– … Desioz eta erakargarritasunez jantzirik, nik nahi dut hala izan.
Irabazia irabaziaren gainean –besterik gabe– norbere bizi filosofiaren enbor gisa, lehentasun absolutu, abiapuntu eta helmuga, irabazia. Eta askatasuna indibidualismoarekin nahastearen zera horrek, pertsonaren beharrizanak pribatutzat hartzea dakar. Bakoitzak ahal duena egin dezala bizirauteko gure ezpainek errepikatzeraino geureganatua. Ahal izatea (eta, beraz, ezin izatea ere), logika honen pean, ez da guztion aukera, ez, behintzat, aukera bera. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.
Biziraupen horretan produzitzen ditugun bizi ereduak ideal honi aurre egiteko behar dugun indarraren adierazle besterik ez dira. Baina nor da gai ideal horrekin bat egiteko? Inor. Irreala da, ezinezko da. Eta balitz ere, aldi batekoa izango litzateke, noizbait hurbildu garenaren oroitzapena. Baina gazte izateari uzten diogu, gure erritmo, indar nahiz ahalmenak etengabe aldatzen dira, gaixotasunek zeharkatzen gaituzte, beharrezko status sozial hori ez dugu lortzen…
… krak. Errealitateak talka egiten du idealarekin, sortuz beldur, frustrazio eta gogortasunak, sortuz heriotzak. Baina errealitatea bestelakoa da zorionez, bizitza du erdigune, eta elkar behar dugu. Bizi nahi dugu. Bizitza duinak nola eraiki berrasmatu eta borrokatzea egokitzen zaigu, zuri eta niri. Justizia sozialaz aritzea. Idatzirik gabe dago, idatzi beharko da, kapitalak –kapitalismoak– irentsiko ez bagaitu.
Pd: Testu honetako ideiak ez dira nireak. Zuengana ekarri nahi izan dut asteon berreskuratu dudan kapituluaren funtsa. Liburuaren gai zentrala beste bat bada ere, azken kapituluetan bizi idealaren eta kapitalismoaren arteko talkaz aritzen da.