Esteban Irusta Mallea
Bizkaiko herrialdeak pertsonaia ospetsu asko eman ditu. Denak hemen aipatzea ezinezkoa da. Beste aldetik,zeintzuk hartu behar diren ospetsutzat eztabaidagarri da. Ospetsu izan edo ez, pertsona interesgarria, paregabea dela deritzot hemen aipatzen dudana: Horazio Etxebarrieta.
Askorentzat ez da oso ezaguna, 1870an Bilbon jaio eta 1963an Barakaldon hil zen enpresari hau. Bere denboran izan zuen ospea ez dago zalantzan jartzerik. Enpresari handia; behar bada XX. mendearen lehenengo hiru hamarkadetan Espainiak izan zuen enpresasi handiena. Aitarengandik herentzian ondasun asko jaso zituen, baina gero berak sortutakoak garrantzi handiagokoak izan ziren. «Ekintza gizona» deitzen zioten hainbeste enpresa sortu eta bultzatu zituelako: airekoak, lurrazaleko eta lurpekoak, ur gaineko eta urpekoak, entzunezko eta idatzizko komunikabibeak, argindarrarekin lotutakoak… Bere jarduera ez zen empresa arlora mugatu. Politikagintzan ere paper nabarmena bete zuen. Arlo askotan parte hartu zuenez, banaka batzuk aipatzea merezi du, nahiz eta laburki izan.
Aireko enpresakin hasiko nahiz. Bat sortu zuen,baina ez nolanahikoa: Iberia, Espainiako lehenengoa. 1927ko urtea zen. Geroago, 1944an, Francok bereganatuko zuena, eta askoz geroago, 1996an, Xabier Iralak, beste bilbotar bat, buru jarri zutenean, krisi ekonomiko sakon batetik zalbatuko zuena. Lurrera jaitsiz, Duero ibaiaren jauziekin, Iberduero, egn Iberdrola, argindar enpresa denaren sorreran parte hartu zuen. Madriden, Gran Via izenez ezagutzen dena eraiki zuen, eta obra horren barne, Callao enparantzan Kazetari Elkarteari baldintza oso honetan utzi zion eraikin ederra. Bilboko Ensanchea ere bere eraikuntza da, Artxandako funikularra eta Bartzelonako metroa bezela. Niagarako ur jauzien gaineko tranbia ere bere lana da. Hainbeste obretarako zementu asko beharko zuen, zalantzarik gabe. Arlo honetan bere Porland lantegia sortu zuen, Espainiako aurreratuena.
Lur azpira igaroz, Bizkaiko eta Espainiako meategi askoren jabe izan zen, eta bereak ziren merkantzia ontzietan garraiatzen zuen minerala Inglaterra eta Europako beste lurralde batzuetara. Petrolioaren bilaketak ere egin zituen han hemenka, eta Mexikoko Gobernuak eskatuz, lan horietan adituak bidali zituen bertara. Uretara pasatuz, Cadizen ontziola oso garrantzitsuaren jabe zen. Bertatik uretarazten zituzten itsasontziak orduko teknika aurreratuenekin eginak ziren. Besteak beste, izen handiko itsaspeko ontzia egin zuen Wilhelm Canaris ontzi kapitain alemanaren laguntzagaz, teknologia aurreratuenaz baliatuz. Lehen Mundu Gerra (1914-1918) galdu ondoren, Alemaniak debekatuta zeukan, inolako armak egitea Vesallesko Itunak erabaki hori hartu ondoren. Hori dela eta, Horazio Etxebarrietarekin isilpeko tratua egin zuten eta Espainiako Gobernuak hitzeman zion berak erosiko ziola hainbeste kostatuko zen itsaspeko ontzia. Baina bitartean,Gobernu aldaketa egon zen etaTurkiako Gobernuari saldu beharra izan zuen. Horazio Etxebarrietak diru asko galdu zuen kasu honekin. Dena den,Kadizen lanpostu asko sortu zituen eta bertako agintariek Hiriko Seme Kutuna izendatu zuten bi une desberdinetan.
Idatzizko komunikabideen arloan El Liberal egunkaria sortu zuen, eta entzunezkoetan Unión Radio, egungo La Ser. Eta parlamentari lana utzi bazuen ere, bitartekari bezela lan garrantzitsuak egin zituen. Kontzertu Ekonomikoa Berriztatzeko bere parte-hartzea erabakigarria izan zen 1926an; euskal foru aldundiek eskertu zioten. Lehenago, 1914an, El Credito de la Union Minera bankua une kritikoan zegoela eta, beragana jo zuten eta zulotik ateratzea lortu zuen. Eta ez omen zen kasu bakarra.
Horregatik omendu zuen Bilboko herriak. Baina ospe handiena eman zion ekintza, Espainiak Marruekosen galdutako zorigaiztoko guda ondoren gertatu zen. Espainiaren porrota adierazteko, esanguratsua da guda beraren izenburua: El Desastre de Anual. Milaka hilak izan ziren, eta Gobernua ahalegindu arren bizirik gelditu ziren atxilotuak askatzen, ezinezko ahalegina suertatu zen. Orduan Alfonso XIII. Erregea Horazio Etxebarrietaren izen handiaz eta ospeaz gogoratuz, marokoar Buruzagi Abd-El-Krimaz bitartekari lanak egiteko eskatu zion; eta bere poltsikotik diru asko jarriz, helburua lortu zuen. Alfonso XIIIak, esker onez, El Marques del Rescate tituluaz saritu nahi izan zuen, baina ez zion onartu.
Kirolari bezela garaipen handia lortu zuen, Plymouth-Santander belazko estropada irabazita.
Baina bere lorpen guztien gainetik, bere gizatasuna jartzen dute. Nola uler daiteke hain ezezaguna izatea? Hutsune hau zuzentzeko, 2011an Jose Antonio Hergueta eta Olivier Van der Zeek dokumental bat egin zuten bere bizitzari buruz.