Hitza lagun
Irakurketak gure mundua eta bizipenak, ugaritu, aberastu eta hedatzeaz gain, irudimena garatzen eta nor garen ulertzen laguntzen digu, gure baitan sentitu baina sarritan nola esan ez dakizkigunak hitzez janzten dizkigula.
Ikas-prozesuan ikasleek idatzizko hizkuntza-trebetasunak garatzen ahalegintzeaz gain, ahozko trebetasunak ere landu beharko lituzkete, batez ere komunikazioaren gizarte honetan duen ukaezinezko garrantzia gogoan izanik.
Egoerak izaten dira hizkuntza-erregistro desberdinak erabiltzera garamatzatenak, baina horretarako dagozkion gaitasunak luzaroan jorratu behar dira, inguru eta entzule mota desberdinetara hizkuntza egokitze aldera.
Idatzizkora etorriz, irakurketan batik bat, beste horrenbeste gertatzen da baina, aldiz, irakurmen urriak ondorio kaltegarriagoak dituenez, etengabeko arreta behar du. Irakurketa, gaitasun intelektualetatik garrantzitsuena denez, ume-umetatik landu, egunero elikatu, eta etengabeko trebakuntza behar duen jarduera dugu.
Irakurmena landu ezean, heldutasunera heltzea nahiko da gaztaroan gaitasun intelektualak garatu ez izanagatik norbere irakur-gabeziaz ohartu eta burmuina landu ez izanetik eratorritako egoeraz damu sakona sentitzeko.
Irakurketarako ohitura eta jarrerarik ezak idatzizkoan eta ahozkoan ahultasuna, etorri urria, oldozmen ergela eta ahozkoaren hutsaltasuna dakartza.
Hizkuntza jasoa izateko, irakurketaren eskutik beste ezerekin lortu ezin daitezkeen ikasbide ugari garatu behar dira, hala nola, hiztegia aberastu, egiturak barneratu, joskera landu, morfosintaxia sakondu eta beste hainbat jakintza-ildotan murgildu. Guzti horiek erruz irakurriz besterik ez dira lortzen.
Haritz zindo eta mardula ez da goiz baten sortzen sekula.
Irakurketari eskaintzen diogu denbora urri. Horretara ez dago irakurketan ez idatzizko/ahozko adierazpenean gaitzerik.
Emaitzak ditugu maite. Baina lortu arte, bakardade bidelagun leiala eta gogoetarako isiltasun nasaia, ez hainbeste.
Barlovento Komunikabideak azken pandemia urte honetan telebista-kontsumoaz egindako ikerketa aztertuz, hona datuak: 4-12 urtekoetan %17ko gehikuntza; 13-44ra %18koa eta 45etik gora %16ko gehikuntza. Bataz beste, pertsona/eguneko telebista kontsumoa: 04:35 ordu. Hilero, pertsonako 135 orduko kontsumoa.
Irakurketari dagokionez, azken ikerketen arabera, egunero… ordu bat. Kezkagarria.
Irakurketa urriak pobrezia guztietatik latz eta bihozgabeena dena besterik ez dio gure izanari sortzen: pobrezia intelektuala.
Pobrezia intelektualak etorkizuna errotik arrakalatu, gaitasunak trenkatu, izana gutxitu eta arima txikiagotzeaz gain, primitiboak izatera kondenatzen gaitu. Egoera horretatik irtetzeko, ezjakintasunetik irten behar da eta horretarako…erruz irakurri besterik ez dago. Ez da beste biderik.
Irakurketak gure mundua eta bizipenak, ugaritu, aberastu eta hedatzeaz gain, irudimena garatzen eta nor garen ulertzen laguntzen digu, gure baitan sentitu baina sarritan nola esan ez dakizkigunak hitzez janzten dizkigula. Hitzek barne egoera asaldatuak baretzen dizkigute. Irakurketak unibertso errotik berrietan murgiltzeko aukera ematen digu eta hitzei esker izan ez balitz ez genukeen unibertso berri horiek ezagutzeko aukerarik txikiena ere izango.
Izan dezagun hitza lagun.
gorka.aurre13@gmail.com