Herriaren ordezkari
Asier Larrauri Bermeoko alkatearen afera dela eta, eguneroko kupoa betetzeko aski material izan dute hainbat hedabide euskaldun zein atzerritarrek. Ez dira herrian ere, txiste, kritika, “meme” eta bestelakoak falta izan. Delitua delitu den ezkero, ez zaigu zilegi inoren ekintzak indultatzea; herriaren isla izan arren.
“Ezin naiz zutaz fidatu”, “zurekin inora ere ez”, “ez zara euskaldun ona”, “benetan?”… Izan zitezkeen, baina ez, esaldi hauek ez dira Asierren gertakariaren osteko erreakzioak. Alkoholik edaten ez dudala aitortu izan dudanean eman dizkidaten erantzunetako batzuk dira. Abstemioa naiz. Ez da aste bat ere iragan Bermeoko Arrantzaleen Museoan izan genuen bertso saio batean “ni oso mizkina naiz haragia jaten eta, gainera, ez dut alkoholik edaten” abestu nuenetik. Nire helburua jendea barrez hastea zen, eta batzuek hala erantzun arren, gehiengoaren erreakzioa harridura izan zen; ezin sinetsia eta moduren batean, baita gaitzespena ere.
Halakoak ez zaizkit bertso saioetan soilik gertatu: lagun artean, lankide giroetan, bertso taldeetan, familian… gizarte harreman guztien nukleoan daukagu alkohola; testuinguru horretan, hura dastatzen ez duena “arraro” bilakatzen delarik. Edari alkoholikoak goresten diren gizarte honetan, edaten ez duenari bultza eta bultza egiten zaio ohitura horretan parte har dezan. Abstemioa naiz ni eta Asier ere ez da edan zalea. Baina, erori egin da. Ez dut egin duena babestuko, baina ez da alkatea herria eraso duena. Gizartea da, eta hartaz herria, alkatea bere ez duen ohitura batean murgildu duena, suntsituz: “Aizu!, ospatzeko edan egiten da”. Alkatea herriaren ordezkari eta isla izan da.
Baditugu “gureak” diren edariak: sagardoa, txakolina, kalimotxoa, jainkoaren odola… Odola. Gizakiak, berezko duen harrapari izanaren bidetik usaindu du herriak Asierren odola, erasoz. Baina, gizakiak babesa ere berezkoa omen duenez, hura ere loratuko ote zaigu, gure herrikidea, laguna eta, azken finean, gure modukoa dena babesteko? Animo Asier!