Haurtzaroko bizipenak
Urruti gelditzen da nire haurtzaroa. Baina, uste dut gogoratzea merezi duela, gaurkoaz parekatuz, oso desberdina delako eta garai bateko giroa islatzen, adierazten duelako.
Munitibar herri txikia zen, baina baserri bakoitzean jende asko bizi zen, eta Totorikan, nire auzoan, baserri gehienak bata bestearen ondoan izatean, haurrak talde bat osatzen genuen elkarrekin jolasteko, olgetan ibiltzeko. Zoriontsuak ginen gaurko erosotasunik ez izan arren. Espainiako guda zibila bukatu berriaren ondorengo urteak ziren, baina gu, haurrak, ez ginen egoera horren kontziente.
Herria bonbardatua izan zen 1937ko apirilaren 26an, Gernikakoaren egun berdinean, eta agirian zeuden, han eta hemen, bonba zuloak. Gerrari buruz isiltasuna zan nagusi. Horrela ulertzen da, Munitibarren zeuden 5 abadeak kanporatuak izan arren, Lea-Artibaiko eta beste herri askotakoak bezala, nire belaunaldiko eta ondorengoak horren berri ez izatea, urte askotan. Eta ez nintzateke harrituko, gaur egun ere, gehienek ezjakinak izatea. Espainia mailan, Elizaren hierarkiako gehienbat Francoren alde egon zen, baina Euskal Herrian, euskal apaizen gehiengoa ez, eta horregatik, zigortua izan zen; batzuk fusilatuak, beste batzuk espetxeratuak eta asko tokiz aldatuak. Horietako batzuk nik, pertsonalki, ezagutu nituen; eta beste askoren kasuak, galiziar idazle bati esker ezagutu ditut. Gerra bizi zuten helduen artean, beldurra eta, ondorioz, isiltasuna nagusitu zen, gure haurtzaro eta gaztaroan. Isiltzen denak adostasuna adierazten duela esaten da, baina gerra eta diktaduratan ez da betetzen esaldi hori.
Gure haurtzaroa, materialki, ezin da gaurkoaz parekatu. Baina horrek ez du esan nahi zoriontsu ez ginenik. Askotan azaltzen dira garai haietako zailtasunak. Eta egia da, teknologia berriei esker, lan baldintzak, eta oro har, bizitza, gaur egun, askoz erosoagoa dela. Baina zoriontasuna ez da neurtzen teknikak oparitzen digun abantailekin bakarrik. Horrela balitz, garai hauetan, oso zoriontsuak izan behar genuke. Baina ez dirudi horrela denik. Arazo psikologikoak dituzte haurrak eta gazteak, gaur egun, adituek esaten dutenez. Drogak, besteak beste, eta alkohola tartean, zerikusi izango dute, segur aski. Garai haietan, alkoholaren eragina ezaguna zen heldu batzuengan, baina haur eta gazteen artean ez zen gau-pasarik ezagutzen, ez eta hainbeste festa egunik edo sare sozialik. Oraingo haur eta gazteak erosoago bizi arren, arrisku handiagoetan ere bizi dira.
Helduok garenoi munduko bazterreko berriak eragin egiten badigute, zer esan haurren eta gazteengan izango dutenaz. Gure haurtzaroan, pozik ginen boligrafoek lumak ordezkatu zituztenean, nailon edo kristalezko galtzerdiek artilezkoak edo eta duralexek, beirazko sukaldeko ontziteria. Hauek ez dira adibide batzuk besterik. Honelako aldaketa txikiei eta herriko bizitzari garrantzi handia ematen genien.