Haurren kontrako sexu-abusuei so, eta iso
Datuek mutu uzteko gaitasuna dute, batzuetan: haur eta gazteen % 20k pairatu du sexu-abusuren bat. Eraso hauen larritasun-mailez aritu gintezke, baina garrantzitsuena pertsona horiengan uzten dituzten arrasto bai mingarri, bai amaigabeak ahalik eta azkarren murriztearekin batera, kaltetu gehiago egotea saihestea da.
Kasuen % 70ean erasotzailea biktimaren konfiantzazko gizonezko bat da: aita, aitaordea, aitona zein osaba, sendia tartean dagoenean; entrenatzailea, kirol-esparruari erreparatuz gero; irakaslea, eskolan. Horrelako oldarraldiek bi ezaugarri
azpimarragarri partekatzen dituzte: abusuak errepikatu egiten dira, eta gertaeren % 2 soilik dira jazotzean argitara ematen direnak –gehienak urteetara ezagutzen ditugu, erasotuaren minak bere izaeraren hondoa zeharo usteldu duenean–.
Isiltasun horren atzean ezkutatzen diren arrazoiak ugariak izanagatik ere, erasotzailearen –eta hedaduraz, gizartearen– eta adingabekoaren artean gertatzen den botere-harremanean dugu koxka: batetik, errudun sentiarazterainoko mehatxuek lotsa zein bakardade-sentimendua areagotzen dute haur edo nerabearengan; bestetik, gertatzen ari zaiona identifikatzeko zailtasunak ditu; eta, azkenik, bere ustez, beste inori gertatzen ez zaion hori kontatzeak –nori, nola, noiz kontatzeak– izango dituen ondorioak kudeatzeko gaitasun ezak beldurtzen du. Vicki Bernadet Fundacióko presidente den Pilar Polo psikologoak, 20 urteko lanaren eskarmentuak gogortutakoak, “nola sinetsia ez izateari, hala salaketaren ondorioei –familian sor ditzaketen hausturei ere– beldurra izatea isiltasun inposatuetan oinarritzen dela” dio.
Egoera gizarteratzea eta gune seguruak bermatzea ezinbestekoa da: datuak agertu, testigantzei hedapena eman, erasotzaileen perfilen zein erasoen adierazleen zabalkundea egin, haur edo nerabeak kontakizuna era normalizatu batean egin dezan leku atsegin bat eskaini… Biktima horiei bakarrik ez daudela erakustea eta osasuntsuak ez diren sexu-harremanak identifikatzen ikasi nahiz mugak jarri daitezkeela barneratzea dira helburuak. Bestela, minak usteldutako gorputzetatik soilik jasoko ditugu salaketak, hamaika urte eta gero, biktimak indar nahikoa biltzen duenean, biltzea lortzen badu.
Oraindik ez dugu ondo jokatzen: sexu-abusu baten berri dugunean (gertu gertatzen bada, batez ere) sumintzen gara, garrasi egin, baina berehala ahazteko joera dugu –ikusi nahi ez izateak errealitatea ezabatuko balu bezala–, edo arretagunea oker kokatu eta biktima galdekatzeko jakinmin morboso batek jaten gaitu. Okerrago ere aritu gaitezke: lege zaharkitu eta desegokien atzean ezkutatu eta zalantzan jarri dezakegu salaketaren muina, edo erasotzailea babestu… Gertu dagoen gaitz bat da, ordea; zeharo zabalduta dagoen birusa. Askoren artean indarra egin ezean garaituko ez dugun pandemia da sexu-abusuena.
Inork ez du uste norbere seme-alabek horrelako abusuak jasan ditzaketenik; izan ere, guk, gurasook, ondo babesten ditugu eta gurekin ez daudenean konfiantzazko gune eta pertsonen eskuetan uzten ditugu… haurren aurkako sexu-abusuen % 70ean beraien familiek egin bezala!
Gorrarena egiten jarraitu dezakegu, edo, ihiak ibaia bezala, gaitz honek erasandakoak inguratzearen eta babestearen alde egin; hau da, abusuei iso oihukatu.