Hau laugarrena da
Busturialderako ospedun musika jarduera antolatzeko laugarren ahalegina da Mundaka Festival. Lehenengoa, Urdaibaiko patronatuak, mende hasieran Mundakan. Gero, 2005/2006an, Metalway-ren bi edizio Gernikan, urte hartako Urremendi aldizkariaren esanetan gizartean onarpena izan zuena. Hirugarrena, Madariagako Biodibertsitate Zentroak antolatuta, Biodibertsikaren hiru edizioak (2010/11/12). Laugarrenak iaz hasi zuen bere ibilbidea: Mundaka Festival.
Ezin dugu egungo festibalaren etorkizunaz berbarik egin, ez gara profetak, baina aurrekoek ez badute aurrerabiderik izan, ezerk ez garamatza eredu honek izan ahal duela pentsatzera. Oraingoan, ordea, antolatzaile pribatua denez, mitoak dio pribatuak publikoak baino hobeto funtzionatzen duela. Atea itxi eta mudatzen duen arte Metalway-ren antzera.
Ez dugu antolatzaileek neurtutako bideragarritasuna zalantzan jarriko, beste aldeko daturik ez dugulako, baina begi bistakoa azter genezake.
Espazioa: jaitzarra gura bada, zenbat leku dago Santa Katalinan? Penintsulak 15.000 m2 ditu gune publiko eta pribatuak kontuan izanda. Publikoa erabiliko denez, 5.942 m2 dira erabilgarriak.
Lur zati horretatik ikuskizunaz gozatzeko egokiak 3.500m2 dira, baseliza, harresia eta eszenatokia barne. Ikusmena mugatzen duten gune hauek kenduta, 2000m2 geldituko lirateke kontzertu gunerako. Honi Kosten Mugapeak (Costas) eskatzen duen babes perimetroa kentzen bazaio, 1.800 metro koadroko gunea geldituko da.
Edukiera: Argitu dezagun jende kopuruaren muga ez duela hedadurak soilik ematen, garrantziarik handiena espazioak ezustekoaren aurrean jendea kanporatzeko duen ahalmenak baino; hau da, kasu honetan udal arautegiak esango luke. Berriro ere herriarekin kontatzea komeni.
Demagun Santa Katalinan arriskua txikia dela, eta gehiengo edukiera baimentzen zaiola, hau da: lagun bat 0’25 metro koadroko, lau lagun metro koadroko. Gure ustez, leku hain berezian jendetza metatzea ez da oso komertziala, eta beste leku batzuetako esperientziari adituz, litekeena da erakunde publikoek edukiera 0’5 lagun metro koadroko baimentzea, beraz, bi lagun metro koadroko edukiera. Kontuak irakurleak atera eta konparti ditzala.
Batzuk pentsa dezakegu gune babestua ez dela leku egokia, baina usteak erdi ustel; beraz, legeari lotuko gatzaizkio. Uztailaren 6ko 5/1989 Legea Urdaibaiko Biosferaren Erreserba babesteko legea.
Festibala, berez, ez da txarra, baina eredua eta tokia ez direla egokienak deritzogu.
Neurketak sarean dagoen SigPac bisorea erabilita egin dira.
–Doro Zobaran. Zain Dezagun Urdaibai elkartearen izenean.