"HAMEN... GRAZIARIK BAKO"
Aspaldian osasun kontuak direla eta azukre bako postreak jaten ahalegintzen naz, ez da bardina, baina, tira, neure buruari esaten deutsat postrea ez dala inportanteena, edozein frutak gogo hori kentzen dauala. Gatzagaz be igual, neurria hartu behar, ze bestelan osasunaren kontrakoa izan leike. Orduan zeozer behar dot jatekoan faltan botaten dodan grazia hori errekuperauteko, berezko alaitasun hori neureganatzeko.
«Datorrena datorrela lagun, ez bada zer eginik ahalik eta ondoen aurre egin beharko deutsagu ez?» «Ba bai». Saiatu arren, konturatzen naz seriotasunean eta gogoetan hobeto moldatzen nazela disparatean eta zorroztasunean baino, izaera kontua da. Halan be ahalegintzen naz graziosoarenak egiten, ez? Baina onartu behar dot halako ezintasun puntu bat.
Lagun baten amak semeari entzundako gehikeriagaz txokauta, bere kuttuna be konturatzeko hanka sartzeagaz, zera esaten eutsan: «Begiratu daizun… hamen moko, graziarik bako monoa…» Igual «graziarik bako monoa» baino zitalagoa dana da «moko» deskalifikazinoa. «Hamen moko!» «Moko», ume mukizu! Edo bueltarik emon barik ume mokosu. «Txo mokoso!» Deskalifikazinoak mingarriak dira, batez be irauten badabe, halan lehiatzen dogu elkarren kontra gehienetan ahulenak matxakatuz.
«Kendu egizuz mokoak lagun, ez jatzu ezer entendituten eta…» «(Ah, bai!) Hamen… graziarik bako monoa!», irribarrez edo erdi hasarre erantzutea lehenengo komentarioa egin dauanari autodefentsa erasokorra da (zeozeinek molestatauten gaituenean: «Nahiko da, ez deusta ezelako graziarik egin eta!», erantzuteko beste era bat ). Beti be ez da erraza azertautea atsegina eta alaia izaten, eta uste barik zeozein minduta gertau leitekeela argi dago, baina normalean geuri esatea gustokoa ez doguna besteei esaten badeutsegu entzun geinkeen espresinoa da, besteen lekuan ipintea da kontua.
Lagun giroan berezko grazia dabenekin sarri elkartzen naz eta halako ikuspuntu zorrotzagaz, pertsonalagaz errealitatea interpretauteko ahalmenak beti harritu izan nau, txispa hori neu ezin berreskurauta nabilena… «Badakizu zuk Benitori zer pasau jakon ez?» «Zeineri?» «Bai, Antiguako bidean, Pixape parean bizi dan Benditori» «Zer gertau jako ba?» «Zera, medikuarenean analisiak egin eta kolesterola topau eutsiela, baina harrigarriena da azukre maila odolean kendu paretekoa zala» «Eta hori?» «Ba itxuraz txarri bat eukien ortuan eta jateko beheko pasteleriako pastel sobranteak emoten eutsiezan, eta badakizu janariagaz zer gertauten dan: hiltzen ez dabenak loditu egiten gaitu, sekulako gota problemeagaz bururik ezin altxauta dabil!». «Txarri ostixea hori!» «Arimea apartauta txarri handi bat zara!» «Zu!, zelako txarrikorta da hau ba, on ustean gozo hasi eta holan eskertzeko?» «Zu, txarri-belarri!, txarri-txirri pasa txitxarri!» «Nahikoa da txarrikeriarik, ez?» «Hamen… graziarik bako…»