Gorriak
Donostian bizi naiz pasa den irailetik, bi lagun minekin batera. Plazer bat da bikotetasun eta heterosexualitatetik kanpoko bizi proiektuetan gozatzea. Plazerra eta gozamena zulatzen dizkigute, ordea, gure etxearen jabe den familia eredugarriak eta Eusko Jaurlaritzaren politika prekarizatzaileek.
Otsailetik doktoretza egiten nabil, eta Eusko Jaurlaritzaren beka jasotzen dut. Hilean 1.200 euro inguru kobratzen ditut, eta 500 euro balio ditu alokairuak. Beraz, gutxi gora behera, astelehen eta astearteetan etxejabeentzat egiten dut lan.
Asteazkenetik ostiralera, 700 euro inguru irabazten ditut. Ordaindu nezake asteko erosketa, baina psikologoa ez. Psikologoa ordaintzeko jai egunik gabeko bizitza izan eta asteburuak tabernan igaro beharko nituzke, eta ez nire buruak ez Eusko Jaurlaritzak ez didate uzten (sinatutako kontratuak eskatzen didan esklusibitatea medio).
Eusko Jaurlaritzak, gazte emantzipazioarekin konpremititurik, bi diru laguntza eskaintzen ditu gazteentzat. Lehenengotik kanpo geratzen gara 25 urtez azpiko gazteak. Bigarrenetik kanpo geratzen gara 25 urtez azpiko eta gorako gazteak, 850 euro baino merkeagoak diren alokairuaren kasuan soilik ematen baitute laguntza. Donostiako batezbesteko ofiziala baino 250 euro gutxiago. Esperientzian oinarritutako batezbestekoa baino 450 euro gutxiago.
Irailean, goma-espumazko koltxoiak eta zatika erortzen ziren altzari zaharrak aurkitu genituen sartu berri ginen etxean. Urrian, 25 urte zituen kaldera izorratu zen. Abenduan, lababajillasa. Urtarrilaren 2an etxetik kaleratuak izateko mehatxua jaso genuen, ez omen genuen beraien etxea behar bezala zaindu. Garestiegi ari omen zitzaien ateratzen negozioa. Pare bat egunetara barkamen mezua iritsi zitzaigun, egun txarretan desalojo broteak ematen omen baitizkiete etxejabeei.
Artikulua idazten hasi baino lehenago, plaza honetan nik nahiz bestelako langileek jasandako indarkeria salatzea zen asmoa. Deskriba nezakeen Donostiako Infernu auzoko etxe okupatua desalojatu berri, bertako kide arrazializatuek alokairua aurkitzeko ezintasuna. Konta nezakeen astelehen eta astearteetan etxejabearentzat eta astelehenetik igandera bere senarrarentzat lan egiten duen emakumearen egunerokoa. Langileok askotariko bizitzak baititugu, langile klasea ez baita unibertsala. Baina lerroak bete zaizkit aurretik.
Maiatzaren 1a pasatu berri den honetan, politizatu dezagun etxejabe espekulatzaileen biolentzia. Artikulatu dezagun borroka intersekzionala jabeen kontra.
Su emango diogu merkatu askeari. Askatasuna fikzio politikoa baita.