Gorka Etxebarrieta: 'Independentzia'
Herria osatzen dugunon etorkizun beltza guztiz argituko duenaren lelopean, eragile politiko askoren ahotik behin da berriz entzuten ari garen aldarrikapena da independentzia. Gurea sentitzen ez dugun jende batek sortutako legeen menpe bizitzeari uko egin eta gu geuk eratutako gizarte idilikoa sortzera animatzen gaituztelarik. Ideia, berez, zentzuzkoa bezain ona bada ere, garapena zein azken emaitza, heltzear dauden egungo gazteen esku egongo da. Gauzak horrela, gurekin jada eta bidean diren ondorengoen heldutasun mailak finkatuko du desiratzen dugun jendartearen nortasuna eta itxura.
Heldutasuna eta independentzia, izatez, pareko bi hitz dira. Izan ere, heldutasun betera, urteetan lantzen joaten garen izaera arduratsuak eramaten gaitu. Hortaz, eginbehar arruntak aurrera ateratzeko edo bizitzan ematen diren gertaerak interpretatzeko aldamenean ditugun guraso, anai-arreba, bestelako senide, lankide edo lagunen izerdi eta iritzien morroi garen bitartean, menpekotasun eredu baten azpian garatuko dugu guri besterik ez dagokigun lana.
Zoriona lortzeko beharrezkoa den burujabetza horri lepoa emanda, eta hori baino okerrago oraindik, besteen pentsura biziz. Octopus generoaren espezie berri bat bagina bezala denen besotik tiraka.
Dependentziatik independentziara garamatzan basamortu hori zeharkatzeko bidea, malda goraz zein beheraz josia, eta, nola ez, bihurgunetsua bada ere, bidaia hasi eta bukatu arteko tartea, kasuan kasuko, luzea edo motza bihurtu daiteke. Erronka hori garaiz erdiesteko gakoetariko bat –familia bakoitzaren gaitasun eta nahien arabera, noski– egungo gazteak etxetik kanpo bizi eta ahal den beste bidaiatzera animatzean dagoelakoan nago. Izan ere, gure etxe zein herriko erosotasun eremutik haratago dagoen mundua usaindu, ukitu eta bizipen horietan aurkezten diren arazo, gatazka zein galderei erantzun egokiena bilatzen saiatzeak eramaten gaituelako gure herriarentzat ere desiratzen dugun nortasun eta itxura propioa eratzera. Azken finean, mundua, bizitza, zertaz doan ulertzera.
Lagunok, herriaren independentzia aldarrikatzearekin batera gure gazteria herritar independente bezala bizitzen hezitu beharra dugu. Da hor nonbait dago gakoa. Interneten aurkitu daitekeen esaldi honek dioenarekin bukatuz, «Mundua liburu bat izanik, bidaiatzen ez duenak orrialde bat besterik irakurtzen duelako».