Amaitzear dan urtea ez da txarra izan euskal presoen gaiari dagokionez. Urrats garrantzitsuak emon dira. Euskal gatazkaren konponbidea oztopatzen daben sektore atzerakoien ekina baretu ez dan arren, euskal presoek eta euren familiek eta inguruak jasandako eskubide urraketa sistematiko bat, urrunketa politika, amaierara heltzen dabil. Euskal jendartearen eta erakunde askoren lanari esker, aurten preso asko hurreratu dabez Euskal Herriko kartzeletara. Poztekoa da preso horretako bakotxaren ingurune sozialak lasaitua hartu izana. Halanda be, presoen % 10 ingururi ondino be urruntzeari lotutako salbuespenezko espetxe-politika apliketan jake. Aurrera egin dogu gure helburuetan, baina ondinokarren bide luzea dago egiteko.
Presoen gehiengoa, beraz, etxetik gertuagoko kartzeletan dago. Orain espetxe politika arrunta aplikau deitsien behar dogu. Eskumena Jaurlaritzari eskualdatu jakonetik esperantza gehiagoz begiratzen deutsagu etorkizunari, baina argi dago ondino be Auzitegi Nazionalaren kontrol judizialak larregi baldintzatzen dauala etorkizun hori. Presoen % 65 inguruk gradu-progresinorako baldintzak beteten dabez; urteetan jasan daben salbuespenezko legediagaitik ez balitz, kalean edo baldintzapean beharko leukie. Baina azken asteetan ikusten gabiz zelan hemen onartutako gradu-progresinoak gero Auzitegi Nazionalak atzera botaten dauzan, barriro be mendekuzko jarreratan oinarritutako politika aplikatuz. Ezin dogu holango gradu-erregresinorik onartu! Eta ez dogu onartuko be larriki gaixorik dagozan presoak etxean artatuak izateko eskubidea urratserik.
SAREk lanean jarraituko dau, urrunketa behin betiko amaitu daiten, presoei espetxe-politika arrunta aplikau deitsien, eta apurka-apurka preso guztien etxeratze prozesua gauzatu daiten. Helburu horregaz atarako gara kalera Gernika-Lumon Gabonzahar egunean ‘Urrunketa amaituko dugu’ lemapean, eta, zelan ez, Bilbon datorren urtarrilaren 7an, ‘Etxera bidea gertu’ dala aldarrikatzeko.