Gerra eta militarismoaren aurrean
Goiz batean sirena hotsak esnatzen zaituzte, gerra hasi da. Ez zoaz lanera, ezinezkoa da eguneroko bizitzarekin jarraitzea. Berehalaxe, agintariek beraien mezua zabaltzen dute telebistan: aberria defendatu behar da etsaiaren aurka. Hurrengo egunetan frontera bidali zaituzte. Lubakietan hildako asko daute, bi alderdietan. Gerran bizitakoa betirako geratuko zaizu burmuinean itsatsita. Hirien bonbardaketek zure lagun eta familiako kide ugariren bizitzarekin bukatu dute.
Amaitu da gerra, etxera itzuli zara, baina fronteko lagun edo soldadu asko ez dira bizirik bueltatu. Herrian dena dago suntsituta, ez dago teilaturik, ezta argindarrik, ezta biderik, ez urik. Hasi dira berreraikuntza lanak, baita bizitza berri bat ere. Bizirik irautea lortu arren, hainbeste pertsona garrantzitsu galdu dituzu. Zure inguruan antzerako errealitateak aurkitzen dituzu, istorio ezberdinak, bortxaketak, mutilatuak… denak tristeak. Soldadu bihurtu zen herria, gerrara bidalia izan zen, beste herri baten aurka tiro egitera. Ez dute ezer irabazi. Amorruz beteta horrelakorik berriz ez gertatzea eskatzen diote norbaiti, baina, tamalez, beste herrialde edo garai batean istorioa errepikatzen da. Hauxe izango litzateko gerrara doan pertsona arrunt baten errealitate posible bat.
Errealitate guztiz ezberdina gobernuburu eta dirudunena, hauek ez dira joan frontera, langileak bidali dituzte beraien interesen alde borrokatzera, goitik begiratzen duten bitartean. Hauek bai irabazi dute.
Beharrezkoa da ohartzea langileriaren interesak ez datozela bat gobernu eta enpresa handienekin. Ez dezagun ahaztu gerra negozio bat dela, herriak beti galduko duena, boteretsuen interesak defendatzeko egina, baita armamentua saltzeko ere. Bada beste negozio bat gerretan diru asko ematen duena: berreraikuntza. Langileria izango da suntsitutakoa berriz eraikiko duena soldata arrunt baten truke. Estatua osatzen duten enpresa handiek eta politikariek etekin bikainak ateratzen dituzte berreraikitze lanekin. Suntsiketa beharrezkoa da kapitalaren logikaren barrun, berriz produktua saltzeko, etxeak ez dituzte oparitzen, nahiz eta langileek beraiek eraiki.
Herriaren gerra bakarra, langileria miseriara eta heriotzara kondenantzen duen buruzagi eta gobernuburuen aurkakoa da, klase gatazka bat. Betidanik izan da horrela, langileok gara dena eraiki eta sortzen dugunak, etxeetatik, gerrarako behar diren arma guztiak arte. Ez diezaiegun egin jokoa kapitalistei.