Gernika, Ezpeleta eta klima aldaketa
Urri amaieran Euskal Herrian, behintzat, badira bi azoka handi, bakoitza ia herrialdeko punta banatan; Gernika eta Ezpeleta.
Bata urriko azken astelehenean, bestea urriko azken igandean. Ez da baserritarrok urriarekin berez zerbait berezia dugula edota bezeroak udako oporrak eta Gabonetako erosketa erraldoien arteko bailara honetan gehiago erosteko prest egon zaitezketela.
Urria ziklo baten amaiera antzekoa da, Gernika inguruotan indabaren biltze zikloaren amaiera, nahiz eta gero ere egiteko lan asko geratzen den: garundu, garbitu, aukeratu…
Ezpeletan ere ziklo baten amaiera da, piper uztaren bilketaren amaiera. Nahiz eta gero egiteko lan asko geratzen den: kordatu, eskegi, lehortu, xehetu, saltsak egin…
Ziklo horiek eguraldiarekin eta klimarekin lotura estua dute. Eguna laburtzen hasi da, eta dagoeneko urrun geratzen dira udako egun amaitezinak. Tenperaturak ere behera egin du nabarmen, beso motzetan ibiltzeko moduko egunak egiten dituen arren. Eta euria ere usuago egiten du, lehortzea behar duten uztak bertan galduz sasoiz jasotzen ez badira.
Sasoiak sasoi, hori da nekazaritzak behar duena, eta hori da gero eta gutxiago gertatzen ari dena. Sasoiak nahasten dihoaz, negua ez da benetako negu, udaberria eta udazkena txoratzen dabiltza beraien nortasuna aurkitu ezinean, eta uda… udan eguzkiak gero eta gehiago berotzen du.
Klima aldatzen doa, klima aldatzen gabiltza. Naturak berez baditu bere zikloak, lehendik ere izan dira izozte aroak eta horrelakoak. Kuaternario adinean gaude orain, Holozenoa deritzon aroan, baina gero eta gehiago dira aro honi dagoeneko Antropozeno deritzotenak, hau da, giza ekintzek lurreko ekosisteman eragina duen aroan.
Antropozeno honetan, zorigaiztoko aro honetan, Gernika eta Ezpeletako baserritar –eta herritar– azoka hauek ere badute eragina, eragin positiboa. Egun hauek dituzten akats guz- tiak akats ere, tokian tokiko jatekoak ekoiztu, saldu, erosi, sukaldatu eta jan egiten diren egun hauek urrats txiki bi dira gure etorkizunaren aldeko borrokan.
Gure ingumena eta klima zaintzeko 0 kilometroa berton hasten da.