Gaueko lana
Errelebotan lan egiten duten askok diote nahiago dutela gauean lan egin, enkargaturik eta buruzagirik ez baitago lantokian, lasaiago lan egiten dutela diote, baina zergatik ez daude buruzagiak gauez enpresan?
Bi mende inguru pasa dira kapitalismoak gure bizitzak xurgatu zituenetik. Tamalez, gaur egun jada ez da kolokan jartzen sistema honen funtzionamendua, errealitate hegemoniko bihurtu da.
Produkzioak eta irabaziek ez dute etenik negozioa besterik bilatzen ez duen sistema honen barruan. Urte asko igaro dira lantoki edo fabrika ezberdinetako langileak gauez lanean hasi zirenetik, gaur hau guztiz normalizatua dago, baina, modernizazioaren eta efizientziaren izenean egiten den praktika hau esplotazio kapitalistaren adierazpen handi bat gehiago da. Langileak derrigortuta daude gauez lan egitera, hainbeste urtez atsedenerako izandako gauak ere ez ditu errespetatzen kapitalak. Ezin da normalizatu lotara joateko orduan lanera sartu eta esnatzeko ordura arte bertan egon behar izatea. Familia, seme alabak, pisukideak… etxean utzita doaz langileak fabrikara, inposatutako eta onartutako ordutegi honen barruan.
Egunak 24 ordu baldin baditu, enpresariek beharrezkoa dute guzti hauek aprobetxatzea, nahiz eta langileari bizitza hankaz gora jarri. Soldatan gehitutako euro gutxi batzuen truke, buruzagiak eskulana edozein ordutan eskatu dezake. Ordainduta dagoenez eta dirua beharrezko dugunez, beraientzat guztiz legitimoa da pertsonei loa kendu eta atseden une edo lasaitasun momentua zapaltzea. Baina, noski, diruak dena erosi dezake, hori da gaur egungo filosofia merkea.
Gero eta errelebo luzeagoak, ordu aldaketak… gizakia maximora exprimitzea dute helburu praktika hauek, gure azkenengo izerdi tanta ere diru bihurtzea. Nola eduki dezakete makina geldirik? Zertarako gelditu? Kapitalaren logikak ez du etenuneetan sinisten, ezta pertsonen erloju biologiko edo beharrizanetan ere, bakarrik diruan eta boterean oinarritzen da. Gauez makina arriskutsuetan lan egitea, labeetan edo produkzio kateetan esklabutza modernoa besterik ez da, soldata arrunt baten truke enpresariari hogeita lau orduko erabilgarritasuna eskaintzea. Gauez lan egitea ez da naturala, ezta inork gustuko duen zerbait ere, horregatik ez da ikusten buruzagirik gauez enpresetan, bakarrik langileak.