Frustrazioa gaindituz
Gizakion helburu nagusia zoriontsu bizi izatea da bakoitzak bere eginbeharrei ahalik eta erantzukizun mailarik gorenaz ekin eta jardunaz, itxaropen bezala jarritako helburua lortzeko zoria izango delakoan. Uste eta asmo onak baina, hainbatetan, betetzen ez direnak.
Zoritxarrez begioker diren egoera trakets eta arazo ugari ere sortzen dira aipatu helburuak lortzeko bideak guztiz leunak eta oztopo gabekoak ez baitira izaten. Asebetetze pertsonalaren irudipena izatea edo ez izatea, oraina disfrutatzeko gaitasuna izatean, geure buruarekin pozik izatean eta geure bizitza baikortasunez baloratzean datza.
Gizakiak asmo dituenak betetzen dituenean edota helburuak lortzean baino ez omen du zoriontasuna lortzen.
Azaroan sartuak gaude, eta ikasturtearen lehen ebaluazioa ere behingoan etxeratuko da eta berarekin batera ikasle eta gurasoen atsegintasun maila ikasketen lehen txanpa honetan, seme-alabek lortutako emaitzen araberakoa izango da.
Guraso askok lehen ebaluazioan izandako emaitza desegokiak ikusi eta ikasketa-egoera bere onean ez denaz jabetzean bakarrik irtenbiderako bideak aurkitzeari ekiten diote, berandu baina.
Ikasketetan, beste hainbat eremutan bezala, prebentzioa, programazioa, plangintza eta metodologia dira ikaste-prozesua egokitasunez garatu eta emaitza bikainak lortzeko bide bakarra. Ez dago besterik.
Irailaren hasieran aurreikusitako emaitzak lehen ebaluazio honetan lortu ez izanak, errealitate begioker iluna, egoerak okerrera egitearen eraginez tristura handia eta frustrazio nabarmena sor ditzake guraso eta ikasleengan artegatasun maila handiak ekarriz.
Ikasle eta gurasoen urduritasunak euren arteko harremana kutsatu eta ezin egona ere badakar, hobera beharrean txarrera eginez. Gurasorik gehienak ikas-prozesuari baino lortutako emaitzei garrantzi guztia ematen die, eta ez luke horrela izan behar, alderantziz baino.
Helburuak lortu ez izanak, lehen ebaluazioa gainditu, frustrazioa dakar, haserre garbian edota tristura goibeltsuan eroriz. Frustrazioak kudeatzeko gaitasunaren jabe garenean gure desilusioa onartu eta gure baitan prozesatzeari ekiten diogu. Hau da, lehendabizi, gertaera jakin batek sortutako egonezin edota frustrazioaren sentimendua irentsi beharra izaten da. Baina prozesu hori ez da erraza izaten eta ikasleek ez hainbat helduk ere ez dute horretarako trebetasunik izaten.
Frustraziorik okerrena jasanda ere, kudeatzeko tresnak izanez gero, egoki kudeatu daiteke. Errealitatea baina kontrakoa da eta frustrazio-sentsazioa kudeatzen ez dakien ikasle ugari dagoela ikusita, egoera horrek luzez irautean ikasleek guztiz haserrekor, egonarri gutxiko eta leratsu bihurtzen ditu. Horrela ez izateko, gaitu beharra.