Foruak
Euskal foruei buruz ezjakintasun asko dago. Ikastetxeetan ez zen irakasten. Gure herriko historia Espainiaren interesen arabera kontatu izan da. Ikasi behar zena, besteen historia, agintarien historia, Espainiako gobernuak agintzen zuena zen. Egoera hau ez da hainbeste aldatu. Gaur ere, eskoletan irakasten den historia, neurri handi batean, agintariek agindutakoa behar du izan. Horregatik foruen kontua, lantzen bazen ere, oso urruti ukitzen zen. Gehienentzat, baina, hitz ezezaguna zen.
Eusko Jaurlaritza daukagunetik hasi gara berari buruz hitz egiten. Hobeto esanda, foruak baino, foruen ondorioak diren Kontzertu Ekonomikoa eta Kupo edo Kuota aipatzen dira gehiago. Baina noiztik datoz Euskal Herriko foruak? Ez dago datarik. Eskualde batean indarrean zeuden usadio eta ohituretan oinarritutako legeak ziren, nahiz eta idatzita ez agertu XIII-XIV.mendera arte. Foruen arabera, biztanle guztiak berdinak ziren legearen aurrean. Biltzar Nagusiek ahalmena zuten foruarekin bat ez zetozen Espainiako legeak aztertu eta ezezkoa ala baiezkoa emateko. Horri, «foru baimena» deitzen zaio.
Denontzat ezaguna da, nola Espainiako erregeak etortzen ziren Gernikara foruak sinatzera. Hala eta guztiz ere, ez ziren faltatzen bi aldeetako agintarien arteko tirabirak eta liskarrak. Sarritan, erregeen lege berriak kolokan jartzen zuten foru erregimenaren egonkortasuna.
Beste aldetik, oinaztarren eta ganboatarren arteko gorabeherak zaildu zuten euskal lurraldeetako oreka. XVII. mendetik aurrera areagotu egin ziren erregeen erasoak, bereziki borbondarren aldetik, bai Iparraldean eta baita ere Hego Euskal Herrian. 1789an Frantziako Iraultzak balio gabe utzi zituen Ipar Euskal Herriko antzinetako eskubibe guztiak, eta gaur ezagutzen dugun Pirineo Atlantikoak Departamenduan sartu ziren euskal probintziak, Biarnorekin batera.
Hego Euskal Herrian, 1812ko Cadizko Konstituzio liberalak foruak ezeztatu zituen, nahiz eta hurrengo urtean berreskuratu. Baina ondoren, guda karlistak sortuko ziren, eta behin eta berriz borrokatu ondoren, 1876an biderik gabe utzi ziren euskal lurraldeetako foruak, eta kontzertu ekonomikoen sistema finkatu zen.
Dena den, zerbait garrantzizkoa gelditu zen euskaldunen eskuetan: kontzertu ekonomikoa. Urte batzuk geroago, 1936-1939ko gudaren ondoren, Francok Bizkaia eta Gipuzkoa zigortu zituen, kontzertu ekonomikoa bera ere kenduz. Zigor horren ondorioak, besteak beste, garai hartako errepideen egoera penagarria zen. Lanagatik atzerritik etortzen zirenak harrituta gelditzen ziren hainbeste industria zegoen tokian, horrelako errepide eskasak edukitzeaz. Euskaldunen artean, popularra egin zen hemengo erakundeen egoera ekonomikoa adierazteko behi baten irudia, Euskal Herrian bazkatzen eta Madriletik esnea jeizten. Egoera horrek, urte luzeetan iraun zuen, 1978an Autonomia Estatutua lortu arte.