FANT
Zazpi hile luze eta gero, zineklubetik irten osteko garagardo hotza dastatzen nabil. Trago batetik bestera ezagutu berri dudan istorioari bueltaka. Astiro edaten. Bakean, lasai. Sentsazio eder hau beste behingoz gozatzen.
Azken zurrutarekin batera sakelean dudan musukoa jarri, eta aurrez aurre, begi bistan dudan herriko ehorztetxeari erreparatu diot. Horrela, bat-batean, filmeetan askotan gertatzen den bezala, gozamenetik zoritxarrera daraman bidea inoiz baino gertuago dagoela ohartu naizelarik. Istorio latzak. Seguraski, egunotan aditzera eman den Bilboko zinemaldi fantastikoan parte hartuko duten gidoilari, zuzendari edo efektu berezien aditu askorentzako baliogarri izango diren gaiak. Hauek ere, pandemia puta honen emaitzak.
Aspaldian ez nuen trantze mental honi jarraipena eman nahian, zazpi graduko hirugarren garagardo hotzari heldu diot. Horrela, arraioa! Kateatuta gaituen gaitz madarikatu hau eta izenburua aipatzera ez noan euskal zine fantastikoaren opera primaren arteko paralelismoak inoiz baino argiago ikusi ditut. Banoa.
Asmatu beharreko filma. Gaitz bat edo beste izan, historian osoan mila eta bat aldiz gertatu den bezala, gorengo solairuan bizi diren boteretsuen esku dago kondaira honen barne bizi garenon etorkizuna eta eguneroko pentsua. Haiek eman, besteok jan. Bizi mailaz beherantz goazen bitartean, banatu beharrekoa gero eta urriagoa delarik. Maila baxuenetara helduta, ahora zerbait eramatearen truke, pertsona bere bizia emateko prest dagoelarik. Orokorrean, hau da bizitza. Zero enpatia. Norberekeria hutsa.
Eta orain, gurera etorrita. Formula magikoak edo etorkizuneko giltza dutela aldarrikatzen duten gobernu, ekonomilari eta gazteenek ezin besteko dituzten zeregin horietan jarraitu bitartean, heldu eta umeek konfinamendu, alarma eta aurretik izango diren beste hamaika neurrien parte izkutua pairatzen dabiltza. Indartsuen agertzen direnek ahulenei, haien jarrera medio, pozoi balak bidaltzen dizkietelarik.
Distantziak mantendu, musukoa jarri, eskuak garbitu, etxean geratu, burbuiak errespetatu, jokaera aldatu eta horrela helduenak zaindu. Ondo, enpatiaz jokatu. Gutxien esperoko zenuen momentu horretan, zast! Ehorztetxeko erakusleihoan maite duzun adineko norbaiten istorioaren amaieraren berri ikusi nahi ez baduzu. FANT.