FAMILIAK ESKOLARA!
Matrikulazio kanpaina hastear zela salatu genuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak duen matrikulazioaren gaineko planifikazioa ez dela justua.
Behin-behineko matrikulazio aldia amaituta eta behin-behineko onarpen datuak ezagututa frogatuta geratu da aurretik salatzen genuena: gainkontzertazioa segregazioaren kausa esanguratsua da, eta eskola-plazen esleipena ez da batere orekatua eskolaz eskolako errealitateari erreparatuz gero.
Eskola publikoa defendatzea, lehenestea, izan beharko litzateke administrazioaren zeregina eta ez, itunpeko ikastetxeen mesedetan, eskola publikoa hustea. Are gehiago, familien lehen aukera eskola denean, onartezina da familia horiek euren borondatearen kontra itunpeko ikastetxeetara bideratzea, zeren eta zaurgarritasunaren izenean.
Zalantzazkoa iruditzen zaigu norbere pertzepzioan oinarritutako Isei-Ivei (ondasun materialen inguruko galdetegia) izatea zaurgarritasuna baloratzeko tresna. Halaber, segregazioarekin amaitzeko ez dugu uste eraginkorra denik “zaurgarritzat” hartuak diren hiruzpalau familia, gogoz kontra, zaurgarritasun tasa oso-oso baxua daukaten eskola kontzertatuetara bideratzea. Aitzitik, eskola publikoaren zaurgarritasun tasa orekatzeko eskolatze-plaza errealetara egokitu beharko litzateke matrikulazio eskaintza.
Zergatik bidali familia horiek ikastetxe kontzertatu batera, eskola publikoan lekua dagoenean eta familia horiek delako ikastetxera bideratzeak hango errealitatean eraginik ez duenean? Izan ere, ikastetxearentzat eragina sinbolikoa izango den arren, familientzat benetako arazo bilaka daiteke (harreman-sareak, kostu ekonomikoa…). Onartezina iruditzen zaigu familiei eskola publikorako sarbidea ukatzea eta eskatzen dugu, behin-behineko erabaki hori bertan behera utzi eta eskola aukeratu duten 5 familiak eskolan geratzea.
Horregatik, urgentziaz, gainkontzertazioarekin amaitzea eta matrikulazioa modu orekatuan planifikatzea ere eskatzen dugu.