Ez daki
Bere lapurretak ez ditu aurretiaz prestetan eta, egia esan, labana erakusteak ez daki zenbateraino larritzen dauan bere delituaren tipifikazinoa
Uriaren erdian dagoan gasolindegi txikiko beharginak ez daki denpora gitxi barru lapurretan egingo deutsenik. Ez daki gertaera horrek une horrexetan eskuetan daukan egunkari bereko orri bateko izkina beteko dauanik. Ekainaren 18a da, eta BBK-k lortu dituan irabazien zifrea (eztabaidaren baten erabili ahal izateko) memorizetan ari da, eta kopuruaren neurria bisualizetan lagunduko deutson irudiren bat garunean margozten. 59 milioi euro dira. Ez daki handik urtebetera bere gasolindegian buruturiko atrako txikia barriro egunkarietan etorriko dala, BBKren irabazi barrien alboan.
Gasolindegi pareko tabernan dagoan agureak ez daki denpora gitxi barru lapurreta baten lekukoa bihurtuko danik eta, bere testigantzean oinarrituta, fiskalak lapurrarentzat hamahiru urte t’erdiko zigorra eskatuko dauanik. Egunkaria leiduten dago: Gürtel kasuan 50 milioitik gorako lapurretea egin dabenen historia. Ekainaren 18a da, eta ez daki handik urtebetera Auzitegi Nazionaleko epaileak ahozko epaiketearen hasierea aginduko dauala, hamalau akusaduren kontra. Hamaika urteko espetxe-zigorra izango da fiskalaren eskaerarik irmoena, euretako batentzat; hiru urtekoa, beste seirentzat; 1,75 milioi euroko isuna, gainontzeko zazpirentzat.
M.H.D.k ez dau egunkaririk irakurten, eta ez daki Nafarroako Nekazal Kutxaren irabaziak 29,8 milioikoak izan diranik, ezta be Bill Gates Osasuneko Mundu Erakundeari donazino bat egitea pentsetan ari danik, gaixotasun larriei buruzko ikerketak bultzatzeko. Ekainaren 18a da, eta ez daki handik urtebetera Nafarroako Kutxaren irabaziak %7,4 potolotuko diranik eta Bill Gatesek O.M.E.ari, azkenean, 200 milioi emotea erabakiko dauanik.
M.H.D. toxikomanoa da, eta bere eguneroko ardura bakarra heroina-txute bat edo bi sartu ahal izateko behar dauan dirua eskuratzea da. Ez daki denpora gitxi barru atxilotu egingo dabenik eta gaurkoa baino lehen burutu dituan beste bi atrakoren erantzukizuna be leporatuko deutsenik. Lehendabizikoa estanko baten izan zan eta, ugazabeari labana erakutsi ostean, 100 euro hartuta egin eban ihes; bigarrenean, ostera, kopisteria baten sartu zan eta 60 euro hartuta alde egin eban; gaur, aldiz, zorte hobea izango dau eta 220 euro ostuko deutsoz gasolindegiko gizajoari. Bere lapurretak ez ditu aurretiaz prestetan eta, egia esan, labana erakusteak ez daki zenbateraino larritzen dauan bere delituaren tipifikazinoa, ostutako diruaren kopurua 380 eurokoa baino izan ez arren.
Ekainaren 18a da, eta urtebete barru albiste horreek danak jasoko dituan kazetariak ez daki zuzenbideari buruzko tesi kasual bat idatziko dauala, legeen eta justizia sozialaren arteko hariaren fintasuna egunkariko orri baten laburtasun inuzentean biluztuko dauala.