Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa
Euskaltzaindiak ehun urte. Joandako aldiak bezalaxe, Euskaltzaindiaren etorkizunekoak ere eraikitzailea izan behar du euskararentzat. Azken ehun urteotan gizateriaren inoizko iraultza zientifiko eta teknologikorik handiena bizi izan dugu. Iraultza horrek gure pentsatzeko, komunikatzeko eta errealitateaz jabetzeko moduak aldatu ditu. Iraultza horren haritik hizkuntzak ere gizakiaren pentsaera, bizimolde eta premia berrietara egokitu dira. Euskara ere bai. Gizakiaren komunikazio premia berrietara moldatu eta egokitzetik datorkie hizkuntzei etengabeko aldaketa eta garapena, hitz bakarrean esanda, modernizazioa. Orain arteko iraultza teknologiko horrek ondorengo urteetan zein gizarte aldaketa ekarriko dizkigun ez dakigu, baina, dakarrena dakarrela, euskararentzat ondorengo urteetako lehentasunek orain artekoen ildotik jarraitu behar dute. Komunikaziorako euskara ardatz izango duen gizartea eraiki behar dugu. Oroimenean gordetako bizipenak euskaraz dituzten euskaldunekin osatutako gizartea. Pozak eta alaitasunak euskaraz biziko dituen gizarte euskalduna izan behar dugu jomuga.
Euskara Batua da Euskaltzaindiak azken berrogeita hamar urteotan egin duen lanik garrantzitsuena eta erraldoiena. Orain berrogeita hamar urte euskara euskalki eta azpi euskalkitan zatikatuta egoteak ezinezkoa egiten zuen euskarazko irakaskuntzari heltzea, izan ere, ezinezkoa baitzen eskola liburuak euskalki guztietan argitaratzea eta irakasleak euskara guztietan trebatzea. Hizkuntza galbidetik garabidera ekartzeko ezinbestekoa zen euskararen estandarizazioa. Izan ere, estandarizazioarekin euskara gizartearen behar berrietara egokitu baitzen eta egokitzapen hori nahitaezkoa izan zuen euskarak bizirik irauteko. Aldatu ala hil, hori da hizkuntza ororen bizilegea.
Azken berrogeita hamar urteotan, batik bat eskolaren bidez, berebiziko zabalkundea izan du euskararen ezagutzak. Gaur egungo belaunaldi berriek euskaraz ikasi dute, eta euskaraz ikasitakoarekin laneratzen dira. Gaur egungo lan munduak, ordea, salbuespenak salbuespen, erabat baztertzen du euskara.
Zalantzarik gabe ondorengo urteetako eginkizun nagusia euskara laneratzea izango da. Datozen bi hamarraldietako euskalgintzaren ekinbide nagusia bihurtu behar du lana euskaraz egiteak euskal gizarteko lan arlo guztietan. Hori izan behar du euskalgintzaren apustu estrategikoa, eta horretan Euskaltzaindiak bultzada eta laguntza handia eman dezake Jagon Sailetik, euskararen sustapenerako duen egituratik. Euskarak lan arloa irabazteko dituen premiei erantzuten ere hor izango dugu Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai.