Euskalduna naiz, eta harro nago?
Euskararen arnasguneetako bat ei dogu Busturialdea. Urte askotako lanaren emaitza ei da: Ikastolak sortu genduzan belaunaldi barriak euskalduntzeko, AEK helduen euskalduntze eta alfabetatzerako, kalean ehunka mobilizazio antolatu euskararen lurraldea aldarrikatzeko, epaitegiak euskalduntzeko intsumisio jarrerak bultzatu, lau haizetara zabaldu osasungintza euskaldunaren beharra.
Zalantzarik barik euskara bizirik dago gure eskualdean. Dudarik ez daukat belaunaldi barriek euskara ezagutzen dabena: Bermeotik Muxikaraino eta Morgatik Earaino. Baina aztertu dogu zein dan errealitatea? Estatistiken ganetik, jabetu gara zelako jarrera daukagun?
Zoritxarrez, herrietako ostalaritza zerbitzu askotan ezin dogu euskararik erabili. Gaztelania gailentzen ari da gure arteko harremanetan. Eskualdeko eskola txiki bateko (gitxienez) guraso elkartean erdaraz egiten da, guraso batek -BATEK!- ez dakielako euskeraz; edo eskola edo ikastolan irakasleak alkarregaz erderaz. Herri txiki batean udalaren herriko taberna alokatzen dauenari euskara eskatzea ez dala justua dinoe batzuek. Fridom for de bask kauntri idatzi ezkero barre egingo geunke, baina Euskal Herrixe askatu idatzi ezkero hurbiltasuna adierazten dogula dinoe batzuek. Onartzen gabizenagaz konturatzen gara?
Bakotxak bere arrazoiak eukiko dauz. Baina hamarkada luzeotako lana zakarrontzira botaten gabizen uste osoa daukat, aurreko belaunaldien bidean aurrera barik atzerantz gabizala. Kuriosoa da Senegaldar bat euskaraz entzun ezkero zelan harrotzen garen, eta urte askoan berton bizi danari zelan onartzen dautsagun euskaraz ez jakitea. Katalunian gehienek katalanez egitea goraipatzen dogu, baina ez gagoz prest geure ingurua euskalduntzeko.
Badakit hau ez dala ezer konpontzeko tonoa, baina kokoteraino nago. Euskalduna naiz eta harro nago? Folklorismo hutsa! Euskal Herrian bizi naiz eta harro nago esatea zintzoagoa dalakoan nago. Ustez gurea dana zaintzeko borondate gitxi daukagu. Gure diskurtso merkean mantentzen dogu; normala, txarto ikusita dago «niri euskarak bost» esatea. Ez dakit zein etorkizun sortu gura dogun; antza danez, euskara ez da oinarri garrantzitsu bat. Ez nago prest hori onartzeko, ez dot bigarren mailakoa izan gura. Euskararen motxila ezin dogu komuneko zuloan behera hustu. Euskal Herrian Euskaraz edo antzeko eragileen beharra inoz baino handiagoa da. Euskaldunok gure espazioa berreskuratu behar dogu. Atara dagigun diskurtso merkeetatik kalera.
Euskaldunon kontrako bazterketarik ez!
Euskaraz edo ez gara!
Xabier Enbeita
Gernika-Lumo