Euskaldun listook
Agian ez zenuen horrela uste, baina oso argia zara, euskaldunok super listoak ei gara eta, inteligentzia handikoak. Behin, Aizarnako osaba Joxe Marik esan zidan: «Gu listoak izango gaitun, euskara hain zaila bada, guk bazekinagu, eta gainera erdara ere hala moduz ikasi dinagu». Ezagutzen dudan pertsona azkarrenetarikoa da osaba, eta ez euskalduna delako bakarrik. Sinestarazi digute euskara zaila dela, gaztelania baino askoz ere zailagoa, nork eta gaztelaniadun elebakarrek gehienetan. Euskaldun batzuk ere hori sinistera iritsi dira, amua irentsi dugu.
Ume txikiak munduko edozein herritan ia adin berean hasten dira hitz egiten, bi urteren bueltan, eta berdin da familia euskalduna, txinatarra edo alemaniarra izan. Inguruan zer entzun, hura ikasten dute haurrek. Etxeko hizkuntza gaztelania duten haurrak ez dira arinago hasten berbetan. Geroago bigarren edo enegarren hizkuntza ikasterakoan, abiapuntuko hizkuntzatik ikasi nahi den horretara dagoen aldea da gakoa. Zailtasun maila bera du arabiar batentzat gaztelaniak edo euskarak, biak ditu arrotz egitura eta grafia aldetik. Jauzi bera dago gaztelaniatik euskarara, eta baita alderantziz ere, euskaratik gaztelaniara. Eta ia inork ez du zalantzan jartzen gaztelania ikastea zaila den ala ez, ikasi ikasi egiten da.
Ingurune euskaldunetan hazitako gehienok helduarora arte ez dugu jakin askotan gaztelaniazko artikuluak ganoraz erabiltzen, azalpen logikorik gabeko genero marka izenei jartzen ez dugu asmatu, orain «la» eta orain «el» non jarri ez dakigula; aditz sistema ere kostatu zaigu barneratzea, hainbat modu eta denbora dituena, hiru aditz-joko desberdin eta irregulartasunez betea. Zer esanik ez idazterakoan hots berdina adierazteko forma desberdinak «b» eta «v», azentuak…
Gaztelaniaz traketsago aritzean barregarri modura hartu izan gaituzte behin baino gehiagotan, zeintzuk eta euskaraz guk gaztelaniaz adina maila ez dutenek gehienetan. Beren gaztelaniazko azentua beren ustez neutrotzat dutenek, euskaldunon soinua gazteleraz entzutean irribarretxoa marraztu izan dute. Bada, zer ote, gaztelania euskararen soinuarekin egite hutsagatik tontotzat hartu izan gaituzte, baldarren pare. Eta guk euren ustez antza hizkuntza zailena den hori jakin. Eta gu listoak garenez, erdaraz egin dezagun eskatu izan digute.
Zaila dela esan izan didatenei segidan galdetu izan diet zenbat ordu inbertitu dituzten euskara ikasten. Euskara ez jakitea aldatu daitekeen gauza da, 900 bat ordu behar dira, hiruzpalau ikasturte. Horixe da zailtasunaren maila (bide batez besarkada bana inbertsio hori egin dutenei).
Egun gutxi barru listo egiten gaituen hizkuntzaren eguna izango da, zorionak zuri irakurle, listoa izateaz gain listo alfabetatua zarelako.