Eukaliptoak basamortua ezkutatzen duenean
Izenburuak ez du esaldi apokaliptiko bat izan nahi, ez dadila inor larritu. Denok ezagutzen dugun beste esaldi baten moldaketa bat baino besterik ez da. Uste dut espainiar errefrau bat dela, eta espainiarrek zerbait zehatza badute, horixe da, errefrau sorta.
Izenburuaren jatorrizko hitzak Zuhaitzek ez diezazutela basoa ikustea oztopatu lirateke, gutxi gorabehera. Bada beste bat, Hobeto ezaguna dugun txarra, ezagutzen ez dugun ona baino. Bada, bi esaldi hauek datozkit burura azkenaldiko hainbat berri jakitean.
Lerro hauek idazten ditudan artean, eta zerua urdin eta eguzkitsu dagoela nabarmendu gura dut, negua oraindik ez da gure eskualdera heldu, hotz egun batzuk salbu. Beharbada hau irakurtzen zauden momentu honetan euria, hotza, elurra eta abar izango dira. Baina orain ez dau horren antzik.
Gaurkoak bezalako egunak asko izan direnez, behar bezalako euririk ez dugu aspaldion ikusi, nahiz baserritarrok lurra noiz lehortu zai gauden, baina horiek baserritarron kontuak besterik ez dira, hau da, zuen jatekoa sortu eta zuen eskualdea mantentzen dugunona besterik ez.
Jende bat larri dabil pinua geixo dagoela eta. Larri eta irtenbide bat eman diezaioten zai. Ez arazoa konpontzeko, dirua zelan atera jakiteko zai. Izan, berez, zilegia da lehen itxura baten. Hor hasi dira, jo eta su eukaliptoa landatzen, nahiz eta Europar Batasunak, su arriskuengatik penintsulan eukaliptorik ez landatzea komendatu duen. «Baina hemen ez dago sute handirik, Galizian (Espainia) bezala», diote batzuk. Ikusiko dugu eskualdea eukaliptoz josita dugunean…
Beste batzuek, ostera, argi esan digute: «Ur eskasia dago, eta ura zer eta hain euritsua den Arabatik ekarriko dugu, Zadorra ingurutik». Hor hasi nahi dute Autzagane berriz zulatzen ur tutuak sartu guran.
Hori da, ur eskasiagatik Arabatik ekartzeko asmotan gabiltzan artean, berton ur gehien xurgatzen duen zuhaitz mota landatuko dute bazter guztietan.
Afrikan 7.700 kilometro luze eta 15 kilometro zabal duen gerriko berdea landatzen hasi dira bertako zuhaitzez, basamortuari aurre egiteko.
Bitartean, gu, landatutako eukaliptoen hostoen artetik penintsulan gora datorren basamortua ikusi ezinik gabiltza.