Eta denbora badoa
Denbora joan badoa, eta, orain, lehen jakin bagenekiena paper bidez esan digute, eta CIAren eskutik, alajaina
Hiru hilabete. Hiru hilabete eta milaka amets. Hiru hilabete eta milaka amets gaizto. Eta denbora badoa. Batzuetan, ematen ez duen arren, denbora joan badoa. Hiru hilabete pasatu dira espainiar estatuan, eta hego Euskal Herrian beraz, alarma estatua abiatu zenetik.
Denbora badoa, konfinamenduko egun krudelenetan denbora geldi zegoela ematen zuen arren. Inoiz amaituko ez zela egunez egun geldi zegoen denbora amaitezina hainbatentzat.
Baina joan, badoa. Egunek berdinak ematen duten arren, egunetik egunera gauza berriak gertatzen dira, aldaketa txikiak ematen dira eta geldirik diren egunen atzean, lau horma arteko egun geldoetan.
Batzuk «lasai, honetatik aterako gara» esanez, giza espeziea arriskuan zegoenik inork sinestu ez duen arren. Eta hiru hilabeteko sermoia amaitu denean, elizan belaunikatuta egon eta gero bezala, Zutik Euskadi esan digute.
Beste batzuk «lasai, gerra hau irabaziko dugu», birus mikroskopiko baten aurka ejerzitoa eta poliziak mobilizatuz eta hauen ospe beltza txuritu asmoz, inork deklaratu ez duen gerra bat aurrera eramatearen aitzakiz.
Gerra eta joan badoan denbora. Gerra nonork egon badagoela esan behar du, bizi gaituen estatuaren kasuen indar armatuen nagusi gorenak, buru gainean birus bako koroa duen horrek.
Egunotan paperetan ikusi dugu izendatuta beste gerra batean, orain garbitze lanak egitera deituak izan diren ejerzitu eta polizia, zikina zen gerra batera deituak izan zirela. Eta hori deklaratzearen atzean, orduan ere, indar armatu horien nagusi zen orain bera ere nahikoa zikin ageri den oraingo korodunaren korodun aita zegoela.
Denbora joan badoa, eta orain, lehen jakin bagenekiena paper bidez esan digute, eta CIAren eskutik, alajaina, ekuazio guztietan Z baldin badago, X ere izaten dela eta izen eta abitzenak dituela.
Baina denbora badihoa, ematen ez duen arren, lau horma artean ere, eta dagoeneko hiru hilabete elkar ikusi gabe, besarkatu gabe, ferekatu gabe, muxukatu gabe daramatzate muga alde bietako senideak, hau da, EAE eta Nafarroakoak, hiru hilabete hauetan espainiar estatuaz banatu gaituen mugaren bi aldetan daudenak, batzuk oraindik lau horma artean zoritxarrez.