Prentsan agertzen diren berriek zeresan ugari ematen digute egunero. Horietako bat izan da Durangoko zinegotziek, sozialisten bozeramailearen eskaeraz Juan de Zumarraga ospetsuaren izena kentzea herriko ikastetxe bati eta bera jaiotako kaleari. Berria eman duen kazetaria haserre agertzen da hartutako erabakiarekin eta horretarako ematen dituen arrazoiekin. Bere ustez, zinegotzi sozialistaren salaketek Zumarragak indijenen kulturaren kontra eta emakumeen kontra jokatu zuela esatean ez dute oinarririk bere biografia ezagutzen dutenentzat. Alderantziz, Zumarraga eredu izan zen kristau elizaren ikuspegitik zein zibiletik begiratuz.
Eliz gizon bezela, Mexikoko lehenengo gotzai eta artzapezpiku izendatu zuten, bere nahiaren kontra. Denek nabarmentzen zuten bere apaltasuna eta behartsuen aldeko eskuzabaltasuna. Frantziskotarra izanik, bere bizitza pobretasunean oinarritu zuen. Krisau bezela nabarmendu bazen, arlo zibilean ez zen gutxiago izan.
Karlos I enperadoreak estimu handia zion ezagutu zuenetik.Horregatik jarri zuen bere gain indijenen aldeko lanpostu garrantzitsua, hainbeste buruko min eta atsekabe eman zion goikargua.
Zumarragak ezin zituen onartu kolono espainiarren gehiegikeriak. Horietako asko konkistatzaileen legeetan oinarrituta egiten zituzten. Egoera hau onartezina zen Zumarragarentzat, eta ikusiz egoera hobetzeko bere eta bere fraile lagunen ahaleginak ez zirela nahikoak, beste bide batzuk hartzea pentsatu zuen. Bere kontrako kolonoen salaketei erantzuteko Espainiara etorri behar izan zuen, eta gezurrezkoak zirela probatuz, indijenen egoera hobetzea lortu zuen, bere salatzaileak baztertuz, eta legeak eta epaileak aldatuz.
Ahalegin horretan, Trentoko Kontziliora zihoazen ordezkariei eta baita ere delagatuei eskatu zien mundu guztiko gotzaien bilera ospetsu horretan, indijenen egoera larria eztabaidatzea.
Indijenen alde Zumarragaren eginahalak ez ziren hor gelditu. Nekazarien lan neketsu eta atzeratuak leundu asmoz, bertotik hiru itsasontzitan astoak eta mandoak eramateaz gain, han ezagutzen ez ziren ardiak, txerriak, ahuntzak, etxeko hegaztiak ere eraman zituen. Baita, mahatsondoak, olibondoak, hazi desberdinak eta abar.
Beste aldetik, ez zen ahaztu gaixotasun larriak eta kutsakorrak zituztenekin. Baztertuak ziren horientzat ere egoitzak sortu zituen, bere hurbiltasuna agertuz.
Beste arlo garrantzitsua, garrantzitsuena beharbada, irakaskuntza izan zen. Hainbat ikastetxe, Amerikako lehenengo unibertsitatea eta liburutegia sortu zituen.I nprenta ere berak eraman zuen, eta bertan argitaratu zituen lehenengo liburuak gazteleraz eta indijenen hizkuntzan. Irakasle asko eraman behar izan zituen, eta 500 urte atzeragoko garaiak zirela kontuan hartuz, emakumeak irakasle horien artean izatea aurrerapauso handia izan zen.
Zumarraga ez zen ahaztu bere herriaz. Durangoko bere etxea behartsuentzat ostatu bihurtu zuen, eta familiarekin harremanak sarri izaten omen zituen. Ezaguna eta garrantzitsua da euskeraz 1537an idatzitako eskutitz luze bat, Euskeraz idatzitako textu luze hau zaharrena da. Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae baino zaharragoa.
Zumarragaren ibilbidea ezagutuz, zaila da ulertzea Durangoko zinegotziek, plurikulturaren izenean «erdera batuan?» goimailako herriko seme bati ohorea kentzen saiatzea. Badirudi, gaur egun, erlijio-arekiko arnasten ari garen pentsakeraren haize boladaren ondorio dela.