Bi estatuek marraztutako muga administratibo eta ideologikori aurre eginez ekimen ugari ari dira lanean gure herri propioa sortzeko etengabeko lanean. Horretarako, beharrezkoa da proiektu nazionalak martxan egotea. Aipatutako ekimenak, normalean, herri mugimenduek sortuak eta hauspotuak dira. Hauentzako, luzaro bizirik irautea nekeza denez ESAIT etab. desagertu egin dira, adibidez. Beste batzuk, ordea, martxan dabiltza: Independentistak sarea, Zazpiak Bat, Gure Esku Dago, Amarauna Aisialdi Sarea, Oinherri, Berria, Argia, Ikastolak, Bertsozale Elkartea, Dantzarien Biltzarra, Iparra-Hegoa, kantuzaleen elkartea eta abar.
Gure ahoetan, komunikabideetan, karteletan, ekintzetan, bihotzetan edo buruetan badago, biziko da euskararen herria. Horretarako beharrezkoa da Euskal Herria marka indartzea. Nafarroa Oinez Tuteran ospatuz, bertsolari txapelketa nagusiko saioak Oionen eta Maulen eginez edo korrika zazpi lurraldeetatik pasatuz Euskal Herria marka, Euskal Herri osora zabaltzea lortzen da. Bide horri jarraipena eman behar diogu etorkizun hurbil batean Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko etapak Izaban, Otsagabian edo Donibane Garazin egiteko, kirol mota denetako txapelketako probak zazpi lurraldeetan jokatzeko eta abar.
Bukatzeko, azken hari horri tiraka, mugaz gaindi dabilen proiektu txukun eta ezezagun bati aipamen berezia egin nahi nioke. Lea-Artibain eta Busturialdean ezezagun xamarra den arren, Euskal Herriko Mus Txapelketak indar handia du. Bizkaian 100 bikotek parte hartzen dugu, Araban 300 bikotek, Gipuzkoan 800 bikotek, Iparraldean 700 bikotek eta Nafarroan ere 700 bikotek. Kopuru esanguratsuak dira, nazio mailako ekimen batek merezi duen modura. Bizkaian ahalegin berezia egin behar genuke ekimen honen arrakasta ziurtatzeko. Auzoetako jaietan 40-60 bikote elkartzen badira musean gozatzeko, nazio mailako ekimen batean nolatan hain kopuru txikia Bizkaian?
Enbido handira jo behar dugu, indarrak batu eta egunen batean hordago handira jotzeko. Urtarrilean izango dira herrietako kanporaketak. Adi egon, jokatu eta gozatu.