Elkarrizketa ez dadila eten
Atzo, munduko zenbait bazterretan soziokonstrukzionismotik lan egiten saiatzen garen hainbat lagunekin izan nuen bilera. Sarritan egiten ditugu Internet bidezko tankera honetako topaketak soziokonstrukzionismoa nola aplikatzen dugun eztabaidatzeko edota elkar aberasteko.
Maiz errepikatu dugu eskola honetan elkarrizketa funtsezkoa dela, unerik eta txarrenetan egin dezakegun gauza bakarra elkarrekin hiz egitea dela, eta abar. Bada, adibidez, finlandiar psikiatra bat psikosi egoeretan ere elkarrizketa irekien eredua erabiltzen duena, hau da, haluzinazioak eta delirioak dituen pertsonarekin hauei buruz hitz egitera animatzen gaituena eta bere tratamendua zein izango den erabakitzeko bere inguruan dauden pertsona guztiak elkartzen dituena hizketaldi zabal batean.
Guzti hau hain ezaguna bazait ere, Portugaleko Luis Miguelek atzoko bileran behin eta berriz ekarri zuen ideia gau osoan eta goizaldeko ordu hauetan ere kide dut: «Elkarrizketa ez dadila inoiz eten, ezta elkarrizketarako oinarriak ezarri gabe daudenean ere».
Izan ere, elkar entzuteko, batak zein besteak erabiltzen ditugun hitzak eta transmititzen ditugun sentsazioak elkar ukitzeko eta elkar eraldatzeko zein elkarrekin zerbait eraldatzeko, interakzioan, edo, beste batek esaten zuen bezala, intra-akzioan (barne-ekintzan?), jarraitu behar dugu. Banatutako gizakiez eraiki dugun gizarte honetan dugun joera, ordea, kontrakoa da: Zerbait gustatzen ez zaigunean, min ematen digunean edo oztopo bat denean guretzako, alde egiten dugu, distantzia jartzen dugu. Zeinen zaila egiten zaigun, kasu horietan elkarrizketaren aldeko pausoak ematea, elkarrizketan mantentzea, alegia.
Bestalde lagun lusitaniarraren esaldiak bigarren atal bat ere badu: Elkarrizketarako oinarriak ezarrita egon daitezkeela ala ez. Zeintzuk dira ba oinarri horiek? Konstrukzionismoak oso era zabalean erantzungo lioke galdera horri; tokian tokiko eta unean uneko oinarriak ezarri edo eman beharko liratekeela, elkarrizketan parte hartzen dutenek adostutakoak edo, gutxienez, onartutakoak. Pentsa ezazu zenbatetan izan zaren pertsona desberdinen arteko elkarrizketa baten lekuko eta hauetatik zenbatetan esan duzun «nik ez nuke elkarrizketa horretan gustura parte hartuko», «ez nintzateke hitz egitera gonbidatuta sentituko» edo «denak popatik hartzera bidali ostean alde egingo nuke». Gauzak horrela ikusi baldin badituzu, posible da, zuk elkarrizketa horretan parte hartzeko parte hartzaileek ezarritako oinarrietatik aldetzen ziren oinarriak beharko zenituzkela.
Hala ere, eta hona hemen paradoxa, elkarrizketarako oinarriak ezarri ahal izateko, elkarrizketatu behar gara…. Beraz, ez dezagun hau sekula eten!