Elefante ta jirafak
Gorka Etxebarrieta -zutabea
Hamar hilabete luze eta guztiz oparoak joan dira gure basapiztiak ezezagun ziren hezitzaile haien eskuetan bota genituela. Kaiolatik irten barri, lau hankatan hasi baino lehen, guraso garenon betebeharrengatik, gure kutunenak guztiz erosoa ez den mundu hone- tan moldatzen ikasteko samaren parte bat, gure memorian betirako tokitxoa izango duten haiengan jarri genuen. Beste urte batez, erronka latza zuten aurretik. Baina lehenago pasa diren beste askok eskertu izan duten bezala, ezarritako lana nota ezin hobez gainditu dute. Arrazoi askoz, elefante eta jirafa bezala izendatu zituzten animali astunak eraman bagenitu ere, ezin hobeto elkar ulertzen ahalegindu den guraso-irakasle tandemak, bihurgunez zein gorabeherez osaturiko ibilbidea burutu eta tximinoen beste mugitzen diren gizakitxo xelebre eta maila baten autonomoak eratzea lortu du.
Egun jakin batetan, txori askok bezala, hegan hasi eta gure babesetik migratzen ikusteko esperantzaz hezten ari garenak. Ahaztu dira egokitzapen egun haietan bizitako ondoez hura. Ama edo aitaren arreta berreskuratu nahian, orro egiten zuten une gogor haiek. Baita eskolara joateko momentuan etxeko atetik irteteko jartzen zuten hasierako erresistentzia edo aurpegi okerra. Pasatu dira, txikien immunitate sistema sendotzeko balio izan duten udazken-negu parteko katarro, muki, sukar eta birusak. Bukatzear den ikasturteko azken txanpa honetan, jasandako guztia maitasun-begiradez ikusten dugu. Ikastolan uzterakoan maitasunez eskaintzen zaizkien beso eta hitz goxo horiek daude gogoan. Eta goizero zein gauero, eskolako laguntxo eta irakasleen izenak elkarrekin birpasatzen ditugu. Hori baita babestu gaituen ekosistema. Eguneroko klima. Ainara, Bego, Olga, Urkoien, Nerea, Maider, Eider, Itziar, Maite, Itxaso eta Amaia.
Jakin ezazue, sekula ez ahaztu, elkar topo egingo dugun horietan, memoriak eusten duen bitartean edo taupadek bizirik gaudela adierazten diguten arte, hain garrantzi handia duen gure umetxoen lehen urte horretan egin zenuten guzti hori gogoan izango dugula.
Bihotz-bihotzez, eskerrik asko! Ondo irabazitako opor egun ederrak pasa.