Mikel Iruskieta
Aste honetan
Bring him home: the martian pelikula ikusi dut, ez dut zutabe honetan pelikula hori gomendatuko, baina bertako argumentua, nire erara ulertua, ekarri nahi dut egun hauetan albiste denari buruz iritzia emateko,
Free Otegi: bring Basque prisioners home, hain zuzen ere. Pelikula horretatik nabarmendu nahi dudana bere argumentua da eta honela laburtuko nuke. Arazoa: eskifaiak lagun bat borondatez kanpo uzten du erbestean, arrotza zaion eta bizirauteko borrokatu behar duen erbeste idorrean eta erasokorrean. Korapiloa: senide-lagunek erbestean dagoena etxera ekarri nahi dute, baina ezin dute eta hamaika oztopo gainditu beharko dituzte. Amaiera: senide-lagunek legea eta bestelako aginduak desobedituz laguna etxera ekartzea lortzen dute.
Egia esan, pelikula horretan egiten duten ahalegina egiten dute senitarteko-lagunek presoak ikusteko, presoko 10 urtean edo 500 eguneko bidaiak egin behar direla kalkulatzen bada. Kolektiboari begira, 24 orduko joan-etorria duten 10 presoren senide-lagunek urte bakarrean egiten dute ahalegin hori. Astakeria galanta, ez ala!
Presoen egoerak pelikularen argumentuarekin hainbeste antzekotasun ditu, nahi duenarentzat; baina baita ezberdintasunak ere, nabarmenak gainera! Nabarmenena da legea ere ez litzatekeela desobeditu behar presoak Euskal Herrira ekartzeko edota gaixoak duintasunez askatzeko. Badirudi legeak desobeditu egiten dituztela presoak urruntzeko, zigorrak bi aldiz betetzeko edota epai justuak ez izateko: esaterako, asmaturiko frogetan oinarrituak, torturapeko (auto)inkulpazioetan edota lekuko anonimoen salaketetan, kolektibo baten partaide izatean.
Datorren astean Arnaldo Otegi euskal preso independentista aske izango da eta bere bila joateko eskifaia antolatuko da, gure artera ekartzeko. Bere ongi etorri guztiak etxera ekarri behar ditugun beste guztiak ekartzeko aprobetxatuko dugu. Eta ekarri ekarriko ditugu, Martitzera joan behar badugu ere eta lege berriak idatzi nahiz oraingoak desobeditu behar badira ere. Ekar itzazue etxera -bring them home!