DOGMAK EDO JOXERRA BENGOETXEA
Teorikoki ezer gutxi dakit etikaz. EHBildukideoi askotan aurpegiratu digute «zoru etikoa» ez betetzea, nahiz eta institutuan filosofiako irakasleak Fernando Savaterren Ética para Amador irakurtzera behartu gintuen. Hamabost urte nituen, eta sarritan pairatzen genuen erailketaren bat Euskal Herriko kaleetan, ohikoa zen torturatua izatea eta gure maisuak nahiago zuen Espainiaren kultur eta politika batasunaren alde egiten duen ideologiako idazle baten irakurgaia aukeratu; pena urte berean (1997) Joxe Azurmendi Zegamarrak idatzitako Demokratak eta biolentoak gomendatu ez izana. Azurmendik Euskal Herriko egoera politiko-morala aztertzen du bere lanean. Zegamarrak salatzen du espainiar estatuak ez duela bere fundamentua demokratikoki eraiki, gehiengoaren indarrarekin inposatu duela baizik. Gehiengoa arrazoi bihurtu da, DOGMA.
Pasa den azaroaren 11n lur jota utzi ninduen albistea jaso genuen EHUtik. 27 urtez zoru etikoaz, moralaz eta bizitzaren filosofiaz ikuspuntu propioa garatzeko parada eskaini didan erakundearen sinesgarritasuna kolokan jartzen duen albistea. Guillermo Quindos 4 urtez EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenerako eta Transferentziaren errektoreordea izan da pasa den astelehenera arte. Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua eta EHUko katedraduna da Quindos. Quindosek X sarean (lehengo tuiter) sortu zuen profil faltsua erabili du hasi berri den errektoretzarako kanpaina zikintzeko eta Joxerra Bengoetxea eta bere hautagaitzako kideak iraintzeko.
Astelehenekoa EHUrentzat albiste lazgarria izan bada ere, balio dezake gizartean eztabaidaezinak diruditen DOGMAK apurtzeko. Nork pentsatuko luke unibertsitateko katedradun bat hori egiteko gai izango zenik? Argi dago gehiengoek, tituluek, katedrek eta sariek ez dutela «zoru etikoa» bermatzen. Joxerramon ere katedraduna da, zehazki zuzenbidearen filosofian katedraduna. Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa (2010) eta Jesus Maria Leizaola (2021) sariduna ere bada. Eta unibertsitateko edozein kiderentzat ohorerik handienetakoa ere dastatu zuen igaz, Helsinki Unibertsitateak honoris causa doktorea izendatuz. Beraz, aipatu DOGMA Bengoetxeari ere inguruan dabilkio. Baina Joxerraren «zoru etikoa» ez dute bere arrakasta akademikoek eta DOGMEK bermatzen, bere ekintzek baizik. Hauxe idatzi zuen X sareko benetako profilean gertatutakoaren ostean: «Elkartasuna mezu iraingarri hauen biktima izan diren guztiekin eta gertutasuna beste hautagaitzari, ulertzen dugulako une hau ez dela erraza izango…»
Nik argi neukan, eta orain are gehiago Joxerrari emango diodala EHUko errektore izateko bozka. Bakoitzak egin dezala bere aukera, DOGMAK edo JOXERRA BENGOETXEA!