Danel Lauzirika: 'Zaharrak surtara'
Atzo, San Joan suarekin batera, hainbaten ilusioa piztu zen. Udako solztizioarekin batera egunerokotasunari itzuri egiteko garaia estreinatu dugu, neguko asmo zaharrak iraungita proiektu berri kitzikagarri eta erakargarrien tenorea baita. Surtara bota ditugu ezertarako balio ez dizkiguten objektu zaharrak, arropa zarpailak, azken ikasturteko apunteak… Neuri dagokidanez, eta egun bateko atzerapenez, garren bazka bihurtuko dut egunkari honetako neure zutabeen txanda.
Ez gaizki hartu, irakurle. Ekintza horrekin ez dut madarikatzen hainbeste poz eman didan espazio nimiño hau, ezta hurrik eman ere. Ez naiz damu. Kontua da seko nekatuta iritsi naizela bospasei urteko bidaia atsegin eta gozagarri honen bukaerara, hatsik hartu ezinik.
Zutabe hauek idazten hasi nintzenean guztiz argi neukan tokiko informazioaren gainean hausnartu beharra neukala, Euskal Herri mailako gai garrantzitsuenak –hizki lodiz idazten diren horiek: Independentzia, Gatazka, Ekonomia– neurri batean alde batera utzita. Horiei guztiei osoki itzuri egitea ezinezkoa da, arazo bihurtzen zaizkigu egunerokoan, ukaezina da gure bizitzaren parte direla; hala ere, nik ekarpen gutxi egin dezaket arlo horietan –batere ez esatearren–, egunero horren gainean hitz egin eta hausnartzen duten profesional eta adituen aldean. Neure zutabeen gudu-lerroa herrikoiagoa izan behar zen, gernikarron zein eskualdekoon izaera zein afera txiki-handiak bere baitan hartuko zituena. Xaloa, pikaroa, komikoa batzuetan, kabroia bestetzuetan, ederto pasa eta piloa gozatu nuen hasierako urteetan.
Azken aldian, baina, hasierako asmo horretatik aldendu naiz. Dagoeneko herrian ez bizitzeak zerikusi zuzena du, eta gurasoengana zein lagunartera noizean behin bakarrik agertzeak hurbiltasuna zein sakontasuna galtzea dakar, eguneroko kontuak jarraitzea oso zaila bilakatzen da. Horrek orokortasunetik idaztera eraman nau, hasieran nahi ez nituen zutabe gatzbakoak izkiriatzera. Azken hori ez da Hitza-ren plaza zehatza, edo hala uste dut nik.
Tokiko kontuen inguruko hausnarketarik ezean nekez ulertuko ditugu fenomeno orokorragoak. Izan ere, dilema handiek gure eskualde txikietako bizitza baldintzatzen badute ere, arazo orokor horiek hein batean gugan dute jatorria. Hurbilekoen izaera aztertzean datza gakoa. Esaterako, denok ezagutzen ditugun herrikide batzuen zikoizkeriak argi adierazten digu zein den krisi ekonomikoaren iturburua. Kontu globalak ulertzeko gakoak gara hurbilekoak zein gu geu. Beste era batera esateko, herriek, beren txikian, mundua laburbiltzen dute.
Filosofiak filosofia, garai guztiak agortzen dira, eta, atzo egin beharrekoa orain eginez eta San Joan suko kondarrak baliatuz, bukaera emango diot hainbeste gozamen eragin didan ariketari. Ba al dago egun hoberik horretarako? Mila esker irakurle, ondo segi!!!