Danel Lauzirika: Puzzle deserosoa
Zoro dabil aspaldion laguna; aratusteetako tostadak nahikoa ez eta txokolate itzela du buruan. Euskaltzale irmoa goitik behera, hizkuntzaren aldeko diskurtso oso eta argiak ihes egin dio kaskoaren zirrikituetatik. Puzzlearen zenbait pieza ez daki non itsatsi, kanpoan geratzen zaizkio hizkuntza normalkuntzako lan poltsa prestatzen hasi zenetik. Orain arte bizitakoa eta hemendik aurrera egin beharrekoa ez du zalantzan jartzen, baina ama hizkuntza biziberritzeko administrazio planen errealismo faltak eta eguneroko gordinak min ematen diote, are triperreago bihurtzen.
Lagunak urteak daramatza helduen euskara irakasle. Ikasle gogaituen kexek ez omen zuten eraginik beregan orain arte. “Ez didate inongo penarik ematen. Lehenago jartzea zuten horretan, guk mendeak baitaramatzagu hizkuntza zapalkuntza jasaten”.
Europako hizkuntzen erreferentzia markoa, euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bilakatzeko egitasmoak, atalez ataleko lidergoa, ESEP eta HPSren gidaritza… Horiek guztiak argi eta garbi ditu, badaki beharrezkoa dela hizkuntza eskakizunak ezarri eta derrigortasun datak finkatzea euskara zaharrak aurrera egin dezan.
Sarritan aipatzen dit behinola emakume batek bere alabari buruz egunkarian idatzitakoa: bi urteko alabak egunak eman zituen inkomunikatuta ospitale batean, zaintza intentsiboetako unitatean, Osakidetzak ez zuelako langile euskaldunik gune hartan. “Izugarria, irudikaezina, ume horrek bizi izan zuen inpotentzia”. Jakin badaki hizkuntza eskubideez kexu diren horiei inoiz ez zaizkiela urratuko haien dretxoak, kaltetuok beti garela berdinok.
Zenbait funtzionario alfer liberaturekin batera, gorroto ditu euskaradunarekiko kexa baino ez duten ikasleak. “Haiek dira biktimak, ez hizkuntza eskubideak urratzen zaizkienak”. Makinatxo bat aldiz entzun diot EGA lortu berri zuen harena ere, zeinak gaztelera jatorrean erantzun baitzion, inongo lotsarik gabe, lortutakoagatik zoriontzeko deitu zionean.
Euskara ikasle bakoitzak historia bat du bere baitan, onartu beharreko motxila zamatua. Arazoak sortu ohi dira ikasleak zaku hori irakasleen eta euskal munduaren gainera gogorki bota nahi duenean. Tartean ahalegin handia badago ulergarria ere bada jarrera oldarkor hori. Adibidez, berrogeitahamapiko urteko ikasleak titulua eskuratzeko probarik zailena gainditu –ahozkoa, emakume honen kasuan– eta entzumen proba galdera bakarragatik ez gainditzeak zer pentsatua ematen du. Hizkuntza gaitasuna ez da ahaleginaren bitartez neurtzen, baina gune erdaldunenetako euskara ikasleen balorazioan kontuan hartu behar delakoan dago kidea.
“Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko” zioen Saizarbitoriak orain dela bizpahiru urte. Zaila da horri aurre egitea euskara zerbait artifizial legez ikasi eta bizi dutenen seme-alabak giro horretan hezten baditugu. Horrez gain, eskolak ez du euskalduntzen; euskara irakasten die belaunaldi berriei, besterik ez. Horri guztiari sozialistoen 47/2012 Dekretua gehitu behar zaio, euskarazko tituluak oparitzen dituena euskaraz ikaste hutsagatik. Laster igarriko ditugu neurri populista horrek euskararen kalitatean duen eragina, eta ez da onerako izango. Anabasa hori ondo aztertuz gero, normala da laguna aztoratuta egotea.
Erabilera plan eta plangiltzaldien inguruko txostentzarrek argi eta garbi adierazten dute arazoaren muina: erabilerarik gabe herdoildu egiten da euskararen ezagutza. Gurpil-zoroa. Berandu baino lehen aurkitu eta bere lekuan jarri behar dugu erabileraren pieza, puzzlea osatze bidean jarriko duena.
Guri dagokigunez, sofa azpian dugu buruhausteak sortu dizkigun piezatxoa, hurbil, hankatik hiruzpalau zentimetrora: hizkuntza ohituren erabateko aldaketa. Gehiegitan gaztelaniara jo ohi dugu, kapitalean zein bere inguruetan, gauzak errazte aldera eta denborarik ez galtzeko. Bestetzuetan erdara erabiltzen dugu norbait deseroso ez sentitzearren, nahiz eta norbait horrek euskara jakin –ezagutu dugun egunean erabili genuen hizkuntzara jo ohi dugu era inkontzientean–. Euskaldunberriekin, ostera, komunikazio arina lehenesten dugu pazientzia landu ordez. Horrekin guztiarekin geure burua kaltetzen ari gara, ikasi nahi ez duenari debaldeko arrazoiak ematen (“haiek ere ez dute erabiltzen eta”) eta erabiltzeko aukerarik ez duenaren hizkuntza are gehiago erdoiltzen. Deserosotasunean dago gakoetako bat, kamarada: deseroso sentiarazi behar ditugu –hizkuntza egoeraz ari naiz, ez ideologiaz– biok elkar hartuta aurrera egiteko.