Danel Lauzirika: Maitasun argazkiak
WhatsAppa da gaur egungo orakulua. Erabilgarria bezain arriskutsua da tramankulua, kaltegarria eta min sorrarazlea. Kokoteraino gogaitu gaitzakete azaleko iruzkinek eta txiste txarrek, baina ezin dugu ukatu argazki-muntaia batzuk ederrak direla, kritika zorrotza eta egiaren zati handi bat gordetzen dutela beren baitan. EAG (Eusko Alderdi Gorroñista) aurkeztu zen egun berean eta biharamunean WhatsAppean jasotako hiru maitasun argazkik ederto deskribatzen dute herriko tsunami politikoa.
Lehenengoan alkatea bera azaltzen da Foru plazan, udaletxea atzean duela. Begiak tapatzen dizkio boterezale leloa duen antifaz antzekoak, eta «antes muerto que sin silla» dio argazkiari atxikitako testuak. Gauza jakina zen Bilduk ez zuela nahi Gorroñok errepikatzerik –ez zen batere normala koalizioak zerrendabururik ez izatea urtarrilerako–; ezker abertzaleko zinegotziak titiritero legez tratatzearen ondorioa izan da, politikan guztiak baitauka ordaina. Hala ere, berak bereari eutsi dio, ez da alderdiko gizona, ezta Gorroñista ere: Gernikesista omen. Tamalez, Gernikesista eta Gernikazalea ez da gauza bera.Horretan ere antz handiagoa du sozio berriekin atzean utzi duen EArekin baino.
Bigarren argazkian polemikaren protagonista eta Itxaso Atutxa jeltzalea ageri dira bihotz baten barruan; atzean Urdaibaiko paisaia idilikoa dute. Biak ageri dira irribarretsu, pozik zeharo. Goiburua: Caprichos del destino… Horrenbesteko sorpresa izan al da, bada, irakurle?
Alkate gisa berarekin harremana izan dugunontzat ez, behintzat. Jose Mari Gorroñok sen politikoa du, oroz gain: Aranazen cortijoa eta Bizkaiko EAJren politika alderdikoia salatu eta kritikatu du gupidarik gabe, baina ez du horiekin berekin biltzeko erreparorik boterean jarraitze aldera.
Ideologiak barik, Gernika-Lumoren ongizateak eta gure herriarekiko maitasunak gidatzen omen dute Gorroño. Hitzak hitz, ez gaitezen engaina: ideologiatik gobernatzen da herria. Zortzi urtetan sozialdemokrata izanda ez du lortu EAJk aurretiaz sortutako lotarako herria aldatzea; orain egingo al du, kapitalistetan kapitalistenak lagun dituela?
Koalizioko galtzaileak jeltzaleak dira, inongo duda izpirik gabe. Ferrazek PSNren erabakiak nola, hala hartu du Sabin Etxeak Txorroburuko Batzokiaren erabaki-ahalmena: zakurraren putzaren pareko. Hitzarmen hori hauteskundeen ostean egin zitekeen, inongo arazo barik; hala ere, Bilbon nahiago izan dute prakak bajatu eta lehenengo hamabien artean euretariko bost bakarrik sartu boterea lortzeko aukera galtzea baino. Ondoren, Gorroñorekin ez dutela arazorik izan eta elkarrekin gobernatzen ohituta daudelakoak entzun behar izan dituzte herriko militante jeltzaleek, Jose Mariri hainbesteko maitasuna dioten horiexek. Izan ere, jakin badakit hitzarmena ez dutela begi onez ikusi azken urteotan Aranazen itzala baztertu eta EAJ hondotik ateratzen ibili direnek. Normala da haserretzea, guztiz zilegia. Halaber, Gorroñok berak ere botoak galduko dituelakoan nago, bere jarraitzaile batzuek ez dutelako ulertzen nola batu den herriaren osasun ekonomikoari hainbeste kalte egin dionarekin.
Hirugarren eta azken maitasun argazkia da sinbolikoena, koalizioaren aurkezpena egiteko Gorroñok, Atutxak, Maria Uribek eta Alberto Azuetak egin zuten talde argazkiaren parodia. Guztiek dute Gorroñoren aurpegia eta, zelan edo halan, horixe da koalizioaren patua: alkateak baldintzatuko ditu guztien mugimendu eta erabakiak; nork bere urratsak emateko tarte gutxi utziko du Jose Marik. Uribek eta bereek telefono tarifa bereziak kontratatu beharko dituzte, Sabin Etxeko zentralita su hartu beharrean ibiliko da. Eta, bitartean, WhatsApparen bidez argazki ederrak jasotzen jarraituko dugu.