Busturialdeko Hitza eta Astra Gernika: bi hamarkada, hamaika ekimen
2025. urtearen amaierara heltzen gabiz eta, ezinbestez, egutegiak ezarritako ohiko ospakizunekaz bat egingo dogu barriro: Santo Tomas, Gabon Gaua, Gabon Zahar Eguna… urteroko legez. Baina aurton Busturialdeko euskal komunitatearentzat abendua berezia izaten dabil; izan be, Busturialdeko Hitza eta Astra Gernika kultur arnasguneek 20 urte bete dabez. Ez da makala!
Urteurrenak ospatzeko arrazoiak ez dira edozelakoak. Bi proiektuak Busturialdeko oinarri sozial eta kulturaletan sustraituta dagoz, eta herrigintzatik sortuniko indar horrek egin dau posible gaur egun dirazana. Biek erakutsi deuskue be, egungo gizartean nagusitzen dabiltzan balioen haize kontrara be, herritik eta auzolanetik eraikitako ekimenek bidea egin daikeela, eta egin dabela.
Horren lekuko da Busturialdeko Hitza. Bi hamarkadatan zehar, euskerazko tokiko prentsa sendo eta gertukoa bihurtu da; Busturialdeko herritar askorentzat inguruan gertatzen danaz informatuta egoteko modurik fidagarriena. Erakutsi deusku albiste orokorrak, nazioartekoak… ez dirala bakarrik garrantzitsuak, gertukoak eta gure egunerokotasunetik abiatzen diranak bestelako garrantzia dabela jendearengan, askoz ere gurago sentitu, eta eragin handiagoa dabelako irakurleongan. Honegaz guztiagaz, Busturialdeko Hitza gure eskualdeko egunerokotasunaren erakusleihorik onena bihurtu da.
Bestetik, 2005eko abenduaren 24an Astra Gernika gunea okupatu, eta gaur egun euskal faktoria bihurtu zanetik be 20 urte pasa dira. Orduko gazte taldeak helburu argiak ebazan: Astra espazio publikoa izatea, izaera soziokulturala eukitzea eta haren etorkizuna herriko gazteek eta eragile sozial zein kulturalek modu parte-hartzailean erabakitzea. Helburu horreei leial dirau ondinokarren be. Astra, auzolanetik, alkarlanetik eta norbanakoen eskuzabaltasunetik elikatzen da, danon bizimodua hobetzeko borondate partekatu horretatik. Oso zaila da, nire ustez, horrelako proiektu bat, auzolanean oinarritzen dana, beste nunun topatzea, ez bakarrik, egiten diran ekimen kopuruagatik, erabiltzen diran parte hartze modu barriengatik be.
Horregatik, Busturialdeko herritarrok badogu zertaz harro egon: gure herrian errotzen diran egitasmoek erakusten dabelako komunitateak antolatuta eta ilusioz lan eginda, etorkizun hobe bat eraiki daikeala.
Merezitako zorionak bi proiektuei eta etorkizunak be ekar daizala beste hainbat urte!