Busturialdea, Urdaibai eta Guggenheim
Gure bazterren zaindari sentitzeko momentua da. Etxe alboko txokoak urtero aldatzen ikusi ditugun arren, haien balioa gutxika ahaztu egin zaigu. Batzuetan iparra galdu, eta ardurak linboan geratzen dira: gure biosferaren erreserba zer den eta etorkizuna nola itxuratu gura dugun, adibidez. Beraz, goazen “Busturialdea” zein “Urdaibai” hitzei izena jartzera, izana izan dezaten.
Busturialdea Bizkaiko 20 udalerrik osatzen duten eskualdearen izena da. Ondoko herriek mugatzen dute eremua: Bermeo, Busturia, Errigoiti, Morga, Muxika, Mendata, Nabarniz, Ereño eta Ea. Guztiek, zerrendatu ditudanak zein eskualdearen bihotzean daudenek, lurralde historikoaren azaleraren % 12,7 suposatzen dute.
Ostera, Urdaibai Biosferaren Erreserbaren mugarriak beste toki batzuetan kokatzen dira; hala nola, ertzak Oka ibaiaren arroak zehazten ditu. Ondorioz, Bermeo, Errigoiti, Muxika, Nabarniz, Ereño eta Ibarrangelu udalerrien zati handiak mapatik desagertzen dira, eta bai Morga bai Ea ia guztiz. Alabaina, beste batzuk irabazi: Arrietaren, Zornotzaren, Munitibarren eta Aulestiren koskatxoak. Guztira 24 udalerrik dute lursailen bat biosferaren babes-legearen eskumenaren mendean; hau da, patronatuaren agindupean. Hori gutxi balitz bezala, beste hainbat arau, plan eta estrategia daude munduko gunetxo hau ia ukiezin egiten dutena, ez bada jasangarritasunaren izenean.
Francoren garaiak bizi izan zituztenak geroz eta gutxiago dira, baina haien ondorengook jaso eta gogoan ditugu haren ekintza batzuk. Kasurako, Plan de aprovechamiento de la ría Guernica-Mundaca, non gure eskualdea Marbella moduko zerbait bihurtzeko asmoa baitzuen. Zorionez, herri mugimenduak eta diktadorearen heriotzak proiektuak etorkizunik ez izatea eragin zuen. Gainera, herri mugimenduaren lanari esker, Unescoren bitartez, Urdaibaik Biosferaren Erreserba izendapena lortu zuen 1984an.
39 urte beranduago, gure eremua babestu beharko luketen politikariek salbazioa dakartela adierazten digute: Guggenheimak depresio ekonomikotik eta kulturaletik aterako gaituela. Ez da izango urteetan haien planetatik kanpo egon garela? Gurekin zorrak kendu nahi dituzte modu azkarrean. Bakoitzak hausnar dezala onuratsu izango den ala ez. Nik neuk argi daukat Guggenheim Urdaibaik ez duela lekurik hemen. Buruan bakarrik eraikuntza eta turismoa dute, eta ondokoak ahaztu dituzte: estrategia linguistikoa, gazteentzako etxebizitza plana, ur horniduraren kudeaketa, herriaren iritzia…